Ernai gazte antolakundearen pintadak salatu ditu Beasaingo EAJ-PNVk
Atzo arratsaldean Beasaingo EAJ-PNVk prentsaurrekoa eman zuen azken bi asteetan Beasaingo kaleetan agertu diren pintaden harira. Beasaingo hainbat pareta “zikinduta” azaldu direla azaldu zuen Aitor Aldasorok, eta pintada hauek Ernai Ezker Abertzalearen gazte antolakundeak sinatuta zeudela azpimarratu zuen. Aldasororen ustez “hainbat ikuspegi politikotatik eta batez ere Ezker Abertzaletik, garai berrian murgilduta gaudela gogoratzen zaigu. Politika egiteko garaia dela, akordioena, aurkariarekin errespetuz jokatzekoa, jokabide demokratikoak indartzeko garaia dela hitz batean. Dirudienez, ordea, ezker abertzaleak hitzetik hortzera darabilen diskurtso horrekin ez dator bat Beasaingo Ernai gazte erakundea. Independentzia, sozialismoa eta feminismoaren izenean, kaleak narrastu dituzte, guztiona dena zikindu eta mehatxu esaldiak azaldu dira. Badirudi slogan horrek guztia arrazoitzen duela”.
Horregatik “gogor eta gogoz salatu” nahi izan dituzte ekintza hauek, “oraindik ahazteke dugun garaira garamatzaten ekintza horiek, borroka armaua goraipatu eta hainbat pertsona jomugan jarri zituzten mehatxu eta pintadak” direla argudiatuz. Bide batez, Udal gobernuari “mota horretako ekintzak salatzeko” eskatu zioten, paretak garbitzeko eta esan zuen garbiketa horien kostua “ez dezagula beasaindar guztiok ordaindu, sinatu duenak baizik”.