Haurrentzat ludoteka irekiko dute Itsasondon
Itsasondoko Udalak 6-10 urte bitarteko haurrentzat ludoteka edo parte-hartze zerbitzua jarriko du martxan. Udaletxeko lokal batean egokituta, apirilaren 10ean zabalduko dute. Asteazkenero 16:30etik 18:30era egongo da irekita. Zerbitzuaren arduraduna Ainara Urteaga udal teknikaria izango da, suspertzaile eta hezitzaile gisa.
Umeen parte-hartzea bultzatu eta jolas librea landu nahi ditu ludotekak, helburu hezitzaileak lortzeko. Harremanak, jolas librea eta gidatuak, tailerrak, kirolak… uztartuko dituzte.
Udalaren iritziz, parte-hartzeak eta herritarren inplikazioak «garrantzi handia» dute herri bizitza sustatzeko. Itsasondon abian den proiektu zabalagoaren baitan txertatu dute, hala, umeen ludoteka zerbitzua ere.
Itsasondoko 6-10 urte bitarteko haurrek erabili ahalko dute. Izena eman behar da, gaurko.
Aste Santuan ekimenak
Irekiera apirilaren 10ean bada ere, Aste Santuan aurretik izango da erabiltzeko modurik. Astelehenean eta asteazkenean, 10:30etik 13:00etara zabalik egongo da haurren ludoteka. Izena udaletxean eman behar da.
Guraso Txokoa ere erabilgarri dago, otsailaren hasieratik. Eguraldi txarra egiten duenean, haurrak eta gurasoak egoteko aretoa da, ludotekan bertan kokatua.