Lazkaon Gazte Eguna ospatuko dute
Lazkaoko Gazte Asanbladak urtea bete du. Herriko gazteak elkartu, ekimenak ideiatu eta urtean zehar kultur eskaintza ipintzeko antolamendua 2011 bukaeran gorpuztu zuten. Bien bitartean, inauteriak berreskuratu, haurrentzat pailazo emanaldiak egin, mendi irteerak, gaztaina janak, elkartasun festak, film emanaldiak edota erreka garbiketak burutu dituzte. Aldizkari bat ere argitaratu eta etxeetara banatu dute. Bihar, bigarren aldiz, Gazte Eguna ospatuko dute. Iaz data beretan egin zuten lehenbiziko festaldia.
Egun osoko egitaraua prestatu dute. 11:00etan hasiko da, I. Frontenis Txapelketa arrakastatsuaren finalarekin. Estreinako lehiaketan 23 bikotek parte hartu dute. Ligaxka eta kanporaketa fasea asteburuetan jokatu dute, plazako pilotalekuan. Maila «altua» izan duela nabarmendu dute Gazte Asanbladakoek, eta «ikusmin handia» piztu du.
Lehenengo, 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatuko da. Iñaki Mendizabal-Oskarbi Murua bikoa ariko da batetik, Azeari Andonegi-Xabi Berasategiren aurka. Ondoren, finala handia Jon Barreros-Unai Arizmendi eta Josu Sarriegi-Unai Aldasoro bikoteek jokatuko dute.
Pilota partiden ondoren txikiteoa egingo dute, eta 14:30ean bazkaria, plazan. Paella, nahaskia eta azkenburukoak dituzte menuan. Txartelak, 10 euroan, tabernetan erosi behar ziren.
Asanbladak Hirigoienen
Jaiak arratsaldean segiko du. 18:00etan txerri harrapatzea dago iragarrita. Kaleko giroa Patxaranga13 elektro-txarangak alaituko du, egun osoan zehar.
Gazte Asanbladak lehen urtearen balorazio ona egin du. Bilerak Hirigoien kaleko eskola zaharrean egin ohi dituzte. Herriari bizitasuna ematen jarraitzeko, herritarren ekarpena eskatu dute.