Euskal Herriko Itzuliko azken bi etapen behin betiko ibilbideak zehaztu dituzte
Euskal Herriko Itzulia atzo aurkeztu zuten, eta ibilbideak behin betiko nola geratu duten zehaztu dute jada. Goierrin bi etapa jokatuko dira, azkenekoak. Apirilaren 5ean, ostirala, Eibar-Beasain etapa hartuko du bailarak. Haustailea izango da, mendate ugarirekin eta etengabeko gora-beherekin. Biharamunean, apirilak 6, larunbata, aurreko egunean ibilitako zirkuituko zati batean bakarkako erlojupekoa jokatuko da, 22 kilometro luzekoa.
Ikuskizunaz gozatzeko moduko bi egun izango dira. Ostiraleko etapak 166,1 kilometro ditu, eta horietatik 115 inguru Goierrin izango dira. Eibartik abiatu, eta Azkarate, Urraki eta Santa Ageda portuak gainditu ondoren, Mandubiatik sartuko da World Tourreko tropela eskualdean. Erdigune beti Beasain dutela, hiru bira egingo dituzte ondoren. Lehenengoan Ormaiztegi-Lierni-Mutiloa-Zerain-Segura-Olaberria (Aranguren aldetik gora, BP gasolindegitik)-Lazkao egingo dute; bigarren aldian, zirkuitu horri berari Gabiria gehituko diote (Alegia aldetik), handik Liernirantz jarraitzeko; hirugarren eta azken itzulian, Gabiriaz gain Barbari ere igoko dute (Zerain aldetik).
Etapan denera hamar mendate igaroko dituzte, lehen mailakoa bat (Urraki), bigarrenekoak lau (Olaberria hiru aldiz, Arangurenetik; eta Barbari), eta hirugarren mailakoak bost (Azkarate, Santa Ageda, Mandubia eta Gabiria bi aldiz). Lierni ez da puntuagarria.
Larunbateko erlojupeka ere zirkuitu horretan bertan izango da. Beasaindik irten, eta Salbatore-Ormaiztegi-Lierni-Zerain-Segura-Idiazabal-Olaberria (Arangurendik gora)-Lazkao-Beasain bidean. 22 kilometrokoa da. Arangurengo igoerak %12ko bataz besteko pendiza du.
Larunbateko erlojupekoa
Ostiraleko etapa