Zuhaitz bana, bi urtean jaiotako haur bakoitzeko
Urteroko hitzorduari eutsiz, eta udaberriaren etorrerarekin batera, Zumarragan Zuhaitz Eguna ospatu dute, gaur goizean. Landareak sartzeko ekitaldiari ukitu berezia eman ohi diote, eta gaur ere hala izan da: azkeneko bi urteotan jaio diren Zumarragako haurren izenean sartu dituzte zuhaitz landareak, 83 guztira(lizarrak eta urkiak 25na, ezkiak 13, haritzak 10, astigarrak 10). Zumarragako Ospitalearen barreneko zelaian sartu dituzte, Ipar Haizea auzoan. Duela urte batzuk, alboko sailean landatutako zuhaitzak hazten nola ari diren ikusteko modua ere izan dute.
Udal zerbitzuek ia dena prest zeukaten haurrak eta haien gurasoak zein aitona-amonak joaterako, 10:30ean. Zuloak eginda, arbola-landareak alboan utzita, eta sendogarri gisa erabiliko dituzten hesolak ere banatuta. Landarea sartu, lurrez estali, eta haurraren izena duen karteltxoa ipintzea izan dute lana.