Bi bertsolari bizkaitar Osinalde sariko finalera
Peio Ormazabal arrigorriagarra eta Imanol Uria algortarra sailkatu dira Osinalde sariko finalera, Aztiriko kanporaketa jokatu eta gero. Finala apirilaren 6an egingo da, 20:30ean, Gabiriko Osinalde elkartean.
Bi bizkaitar hauekin batera, Ordizian sailkatu ziren Josu Oiartzabal azpeitiarra eta Nekane Zinkunegi errezildarra eta Zaldibian sailkatu ziren Iñaki Aleman iruritarra eta Nerea Ibartzabal Markina-Xemeindarra arituko dira.
Hirugarren eta azken kanporaketa larunbatean jokatu zen Aztiriko Aztiri-Bat elkartean. Afarian 80 bat lagunek parte hartu zuten eta ondoren jende gehiago bertaratu zen bertsolarien jardunaz gozatzeko. Ikusleen artean aurtengo parte hartzaileetako batzuk eta iazko irabazlea (Amaia Iturriotz urretxuarra) izan ziren.
Sei bertsolari aritu ziren lanean: Eneritz Artetxe azkoitiarra, Imanol Irazustaberrena alegiarra, Joanes Etxeberria barkoxearra, Imanol Uria algortarra, Maddi Ane Txoperena hendaiarra eta Peio Ormazabal arrigorriagarra. Jokin Matxinandiarenak jarritako gaiei erantzun behar izan zieten eta koplak kantatzeko, berriz, Miren Deba eta Ander Ibarguren trikitilarien laguntza izan zuten.
Epaimahaikideen ustez Ormazabal eta Uria izan ziren onenak. Ikusleak ez ziren iritzi berekoak izan eta Artetxeri eman zioten Aztiri saria.