Manifestazioa Legorretan, sinadurak Zaldibian
Ostegunean, atez ateko bilketa hasi zen ordu berean, 20:00etan, manifestazioa izan zen Legorretan, hango Legorreta Garbia plataformak deituta. Antolatzaileen esanetan, «laurehun» lagun joan ziren, legorretarrez gain Goierriko beste herri batzuetakoak eta Gipuzkoako gehiago ere bai.
Plataformako kide Izaskun Zubeldiak esan zuenez, atez ateko sistema ez da baliagarria. «Ez da egokia, ezta erosoa ere. Gainera, ez zaigu iruditzen esandako biziriklatze tasak lortuko direnik atez atekoarekin». Bosgarren edukiontziaren alde egin zuen.
Legorreta Garbiak «intsumisiorako» deia egin du, zaborraren gaian. «Garbi utzi nahi dugu, Sasieta Mankomunitateko lehendakariak dioenaz bestera, intsumisioa ez diogula egiten birziklatzeari, atez atekoa inposatzeari baizik».
Sasietako lehendakari Azeari Andonegik erantzun du, mankomunitatean «birziklapena garatzearen alde» lan egiten dutela. «Birziklapenaren aurka azaltzen ez badira, birizklaplenaren alde ezin da intsumiso izan. Talde horiek oinarrian birziklapenaren alde daudela diote; atez atekoak dezente igotzen du maila».
«Urduritasunak» egon daitezkeela aitortu du Andonegik; «baina ahantz ditzatela, proba dezatela eta konturatuko dira biriziklatzea erraza dela. Hiru herriotan eta ondorengoetan konfiantza badugu ondo egingo dutela, edozein dela ere eredua».
Zaldibian, sinadurak
Zaldibian Herrigintzan udal taldeak, bestetik, atez ateren aurka 213 sinadura jaso dituztela jakinarazi du. Notarioaren agiria aurkeztu diote udalari, «egonezina» adierazteko.
Taldearen jarrera birziklapenaren eta berrerabilpenaren aldekoa dela azaldu ondoren, udalak jarritako «tresna kaskarrak» ondo erabiltzeko deia egin du.