Zeraindarrek herriko gazta eta sagardo berria aurkeztu dituzte
Zerain Dezagun fundazioak ekitaldia antolatu du gazta eta sagardo berria aurkezteko. Kultur etxean izan da eta, ondoren, kanpoaldean dastaketa egin da. Bittor Oroz Nekazaritza sailburuordeak, Jose Mari Ustarroz Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko lehendakariak, Dani Lasa Mugaritz jatetxeko sukaldariak, Joxe Manuel Oria alkateak eta Andoni Alustiza Zerain Dezagun fundazioko lehendakariak parte hartu dute.
Orozek Zeraingo herria zoriondu du, «eredugarria» delako. «Etorkizuna bermatu dute, iragana ahaztu gabe. Urte hauetan guztietan, turismoa eta nekazaritza produktuen ekoizpena uztartu dituzte. Guk ere hori egin nahi dugu».
Ustarrozek ere zeraindarrak zoriondu ditu. «Lurrari lotutako gauzak ateratzen dituzue. Bertan egindakoak promozionatu behar dira eta hori da zuek egiten duzuena».
Alustizak fundazioa etorkizuna lantzeko sortu zela gogoratu du. «Zerainek etorkizuna izango du, bertan bizi eta lan egiteko aukera badugu». Horretarako, duela urte batzuk Burdinaren Mendia ekimena abian jarri zen eta iaz Gazta eta Sagardoaren Mendia.
Honen baitan antolatu da sagardo eta gazta berrien aurkezpena. «Hemengo ekoizleei lagundu behar diegu. Horiengandik gertu egonda bakarrik izango dugu etorkizuna».
Lasak Mugaritzen ibilbidea eta Zerainek egindakoa konparatu ditu. «Jatetxea duela 15 urte ireki genuen. Zerbait berritzailea egin nahi izan genuen, mundu osoko gauzekin, baina tokirik gabe gelditu ginen: ez ginen ez hemengoak eta ez kanpokoak».
Hala, zeraindarrek egindakoa egitea erabaki zuten: bertakoari lotu. «Barrurako bidaia egin genuen, kanpora ateratzeko». Bukatzeko, zeraindarrei orain arte bezala jarraitzea aholkatu zien. «Nortasuna abiapuntua da, ez helburua. Jarraitu ezazue produktu onak eskaintzen, hori da garrantzitsuena, eta ausartak izaten».
Lasak gazta moztu eta sagardo botila ireki zuen. Ondoren, bildutako guztiek kultur etxearen kanpoaldean sagardo eta gazta berriak dastatu zituzten.