Aramako Udalak 379.800 euroko aurrekontua du
Aramako Udalak iaz zuenaren herena murriztu behar izan dio 2013. ekitaldirako aurrekontuari. Denera 379.800 euroko diru-saila onartu du, iaz baino %31,99 gutxiago. Espainiako Gobernuak udalei ipinitako mugak dira horren arrazoia. Aramako Udalak zorrik batere ez duen arren, zorpetzera ezin joa eta kreditu eragiketarik egin ezinak «baldintzatu» du, Axier Mujika alkatearen esanetan. Berez, iazko urtearen hasieran zeukan aurrekontua gehi KPIa izendatu du aurtengo. 2012an, ordea, kreditu aldaketa batekin 558.503 euroraino hazi ahal izan zuen.
Otsailaren 15a baino lehen onartu behar izan du udalak aurrekontua, gainera. «Harrezkero Gipuzkoako Foru Aldundiak arau bat atera du, eta ekonomikoki ondo dagoenari igotzen uzteko aukera ematen dio», dio alkateak. Aukera horren zain daude Aramako udalkideak, diru saila hazi ahalko duten itxaropenarekin.
Saneamendua eta argiteria
Aurrekontuaren zati handiena pertsonal gastuek eramango dute, 139.190 euro. Obra txikietarako eta konponketetarako 67.400 euro bereizi dituzte. Inbertsioetarako, diru laguntza deialdietara joko du udalak, iaz bezala.
Lan nabarmenenak Ordizia aldeko industrialdeko saneamendua burutzea da. Baita argiteria aldatzea ere herri guztian, energetikoki jasangarriago izateko, 40.000 eurorekin. Kale-argiak eguzki plakekin jarriko dituzte. Internet kalitate egokia ziurtatzeko, bestetik, Gipuzkoa Share proiektuan sartuta dago Arama. Horra 3.000 euro bideratuko ditu.
Jaurlaritzaren Erein programatik Ibareseko zubia berritzeko laguntza lortzen saiatuko da udala. Sarbide bakarra du, eta «egoera kaxkarrean» dago. Aurrekontuetik atera behar izan dute lan hori, eta foru arauak kreditua aldatzen uzten badie egingo da.