Artzainen lana eskertu eta goraipatu dute Idiazabal Gazta berria ebakitzeko ekitaldian
Eguraldia lagun, giro onean egin dute gaur Ordiziako Artzain Eguneko aparteko azoka. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriari ere hasiera eman diote, gazta berria ebakitzearekin batera. Ana Larrañaga Fitur Nazioarteko Turismo Azokaren zuzendariak izan du aurten gazte ebakitzeko ardura. Marketing mundua ondo baino hobeto ezagutzen duen seinale, slogan moduko esaldia bota du gazta ebaki orduko: «Idiazabal, natura gazta bihurturik».
Goierriko Hitza
Goierri
Eguraldia lagun, giro onean egin dute gaur Ordiziako Artzain Eguneko aparteko azoka. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriari ere hasiera eman diote, gazta berria ebakitzearekin batera. Ana Larrañaga Fitur Nazioarteko Turismo Azokaren zuzendariak izan du aurten gazte ebakitzeko ardura. Marketing mundua ondo baino hobeto ezagutzen duen seinale, slogan moduko esaldia bota du gazta ebaki orduko: «Idiazabal, natura gazta bihurturik».
Udaletxeko ekitaldian, Igor Eguren eta Ioritz Imaz Ordiziako eta Idiazabalgo alkateak, Martin Garitano Foru diputatua eta Jon Peli Uriguen Nekazaritza eta Landa garapenerako diputatua, eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritza Nekazaritza eta Landa Garapenerako sailburuordea izan dira. Haiekin batera, hamaika sukaldari: Jose Juan Castillo, Atxen Jimenez, Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak, Josean Eizmendi eta Jose Martinez Arija. Haiekin batera, Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiako kideak, Idiazabal Jatorri Izendapeneko Jose Mari Uztarrotz lehendakaria eta Miriam Molina kudeatzailea, eta hainbat artzain ere izan dira: Jon Etxebarria zeanuriarra, Juanjo Aranburu, Jesus Ansola Mausitxa eta Joseba Intsausti ordiziarra; azken honek, erregulartasunaren saria jaso du, gainera. Intsaustik «pozez, baina arduraz» jaso du saria.
Hutsune nabarmen bat ere izan da, ordea, omenaldia jaso duen Nestor Basterretxea eskultorea ezin izan baita Ordiziara inguratu gaixo dagoela eta.
Agintarien babesa artzainei
Agintarien artean Eguren izan da hitza hartzen aurrena. Ekitaldira hurbildu diren artzainei eskerrak eman zien, bere esanetan, «Ordiziak asko zor baitio gaztari, baina askoz ere gehiago artzaintzari, eta batez ere lehen sektoreari. Guretzako luxu bat da zuen produktua egunero gure artean izatea».
Bittor Orozek ekitaldian zegoen ordezkaritza zabalari egin dio erreferentzia, eta han bildutako guztiek «katea» osatzen dutela adierazi zuen, artzainak zoriondu ondoren. «Kate honek gauza asko egin ditzake, eta kate horretan Jaurlaritza bidelagun izango duzue». Martin Garitanok, berriz, Diputazioak lehen sektorearekiko duen konpromisoa berresteko baliatu du bere txanda. «Gazta bat ikusitakoan gure nortasuna mundura zabaltzen ari garela pentsatu behar dugu».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.