Erlezain Eguna ospatuko dute igandean Zegaman
Igandean Erlezain Egunaren 15. ekitaldia ospatuko da Zegaman. Urtero bezala, aurreko egunetan ere ekitaldiak egingo dira. Martxoaren 19an herri eskolako haurrek eztia dastatu zuten eta etzi Asiako liztorrari buruzko hitzaldia eta ikus-entzunezkoa emango ditu Julian Urkiola Gipuzkoako Erlezain Elkarteko lehendakariak.Igandeari dagokienez, azoka, ezti lehiaketa eta omenaldia izango dira ekitaldi nagusiak. Aurtengo ekitaldian Igeldoko Fermin Zinkunegi eta Lasarteko Migel Joanikotena omenduko dituzte.
Festa hau Gipuzkoako Erlezain Elkarteak, Zegamako udalak eta Goimenek bultzatu zuten. Urkiolak Zegaman adin guztietako erlezain asko daudela dio. «Zegamak babes handia eskaini digu beti. Oso sentsibilizatuta daude. Aitxuri ikastetxean hitzaldiak eta dastaketak egiten ditugu eta haurrek erlezain profesionalek egingo lituzketen galderak egiten dituzte».
Galdera horietako asko Asiako liztorrari buruzkoak dira. Inork gonbidatu ez duen arren, aurten ere Erlezain Egunean egongo da, zoritxarrez. «Larunbatean nik grabatutako bideoa emango dut. Ikusgarria da erlea nola harrapatzen eta zatitzen duen. Ikusleek argi eta garbi ikusiko dute erleak ez direla erlauntzetatik ateratzera ausartzen. Iazko abuztuan kazetari bat eta biok erlauntzen ondoan egon ginen mozorrotu gabe! Hori, egoera normal batean, ezinezkoa litzateke».
Urkiolak 300 liztor harrapatu ditu aurten dagoeneko eta instituzioen laguntza behar dutela esan du. «Gipuzkoako Foru Aldundiak asko lagundu gaitu eta hilaren 19an Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin elkartu behar gara. Azkeneko bi urteetan ez digute laguntzarik eskaini. Ikerketa bultzatu nahi dugu, espezie inbasore honekin bukatzeko. Guk tranpak jartzen ditugu, baina ez dira selektiboak. Gure helburua ez da ekologistekin arazoak izatea eta ezta gainontzeko intsektuak hiltzea ere».
Liztorra naturari sekulako kaltea eragiten ari zaiola dio Erlezain Elkarteko lehendakariak. « Erleez gain, zomorro asko jaten ditu eta horrek oreka hautsi dezake». Erlezain asko lur jota daude eta erlezaintza uzten ari dira. «Neuri ere inoiz burutik pasatu zait uztea. Egia esan sentitzen dugun inpotentzia oso handia da».
Zorionez, oraindik asko dira euren jardunari eusten dioten erlezainak. Horietako asko Zegaman elkartuko dira igandean. 21ek Gipuzkoako ezti lehiaketan parte hartuko dute. Horietatik hiru goierritarrak izango dira. Eskualdeko ezti lehiaketan saria lortu zutenak, hain zuzen ere.