‘Gazta zati bat’ filma Madrilen eman dute, «arrakastaz»
Nazioen Mundua mugimenduak bultzatu eta Jon Maiak zuzendutako Gazta zati bat film dokumentala Madrilen eman dute. Matadero Zinetekan izan zen emanaldia, aurreko asteartean, martxoak 26. Han bizi den Aitor Merino aktore euskalduna izan da bideratzaile, kide den Euskal Herriarekiko Elkartasun Taldeak antolatu duelako saioa.
Emanaldia «oso arrakastatsua» izan zela baloratu du Nazioen Munduak. Zinema-aretoa 175 ikuslek bete zuten. «Gehienak madrildarrak ziren, edo han bizi direnak behintzat. Euskal jatorriko jendea ere bazegoen, eta ikasten han ari direnak», azaldu du filmaren ekoiztetxearen komunikazio arduradun Ioar Oteizak.
Politikariak ere baziren tartean, euskal herritarrak. Espainiako Kongresuan diputatu diren Amaiurreko Jon Iñarritu eta Iker Urbina ikusle ziren.
Gazta zati bat filma ikusi ondoren, solasaldia izan zen, antzokiko agertokian bertan. Jon Maia zuzendaria eta Nazioen Munduko Anjel Oiarbide joan ziren ordezkari, eta Antonio Alvarez-Solis kazetari madrildarrak lagundu zien azalpenak ematen.
Lau urteko grabaketa denboraren ondoren, iazko apirilaren 21ean estreinatu zuten Gazta zati bat, Donostian, Giza Eskubideen Zinema Jaialdian. Idiazabalera maiatzaren 5ean itzuli zen, hiru emanaldi egiteko.
Harrezkero, Goierri osoa eta Euskal Herri dena igaro ditu filmak, herririk herri. Atzerrian ere bere bidea egiten ari da. Dagoeneko Londresen (Ingalaterra), New Yorken eta San Franciscon (AEB), Invernessen (Eskozia), Argentinako hainbat euskal etxetan, Oloten, Bartzelonan zein Valentzian (Herrialde Katalanak) eman dute, batzuk aipatzearren.