Hilaren 20an eta 21ean egingo dute hondakinen inguruko herri galdeketa Legazpin
Apirilaren 20an eta 21ean, larunbata eta igandea, egingo dute Legazpin hondakinen inguruko herri galdeketa. Aurretik iragarrita zuen ateaz atekoaren aurkako herri plataformak galdeketa egiteko asmoa, eta goizean jakinarazi dizkio datak Kepa Urzelai alkateari. Plataformaren arabera, herri galdeketa hau izango da “egiazko parte hartzeko prozesua”, eta udalak atez atekoaren inguruan antolatu dituen bilerak “itxurakeria” izan direla salatu du.
Ekainean hasi nahi du Legazpiko Udalak hondakinak atez ate jasotzen, baina plataformaren ustez herritarren gehiengoa erabaki honen aurka dago. Plataformak aukera eman die alderdi politikoei herri galdeketa egiten den egunetan interbenteroak jartzeko.