Jubilatuek Kultur Astearen bitartez egoitzetako jarduna erakutsiko dute
Zumarragako Gure Txoko jubilatu egoitzak eta El Salvador gizarte zentroak elkarlanean atondu dute XI. Kultur Asteko egitaraua. Apirilaren 13an abiatuko da, eta astebetez erretiratuek egoitzetan egunerokoan egiten dutena erakutsiko diete zumarragarrei. Jarduerak egoitzetatik aterako dituzte, eta boluntarioen lanari esker egiten dituzten ekintzak ezagutzera emango dituzte. Miguel Angel Cenera Zumarragako jubilatu etxeetako lehendakaria da, «hori da, hain zuzen, Kultur Astearen helburua, herritarrei egiten duguna erakustea». Kultur Astearen bitartez, jubilatuak «bizirik» daudela agertu nahi dute, «txokolate jana soiletik harago joan nahi izan dugu beti».