Murumendi pilota eskolaren aldeko jaialdia dago etzi Beasainen
Murumendi pilota eskolaren alde esku pilota jaialdia antolatu dute etzirako Beasianen. Lau t’erdiko partida bat eta Binakako Promozioko Txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira Antzizargo frontoian. Lau t’erdian Olaizola I eta Olaetxea ariko dira elkarren aurka, eta promozioko finalaurrekoan Aspeko Apezetxea eta Larrinaga Asegarce enpresako Rico IV-ren eta Untoriaren aurka. Jaialdia 22:00etan hasiko da eta sarrerak gaur bertan hasi daitezke erosten Antzizar kiroldegian bertan. Ostiralean, partidaren aurretik, ere eskuratu ahalko dira sarrerak.
Murumendiko Koldo Agirrek eta Arkaitz Goikoetxeak adierazi dutenez, jaialdi berezia izango da etzikoa, “urteko garai honetan ez delako ohikoa lau t’erdiko partidarik jokatzea. Promozioko partida ere interesgarria izango da, Beasainen irabazten duenak finalean egoteko aukera asko izango dituelako”.
Herriko pilota txapelketa
Asteburu betea izango da datorrena Beasainen kirolari dagokionez. Euskal Herriko Itzuliaz eta profesionalen pilota partidaz gain, etzi hasiko baita Beasaingo herri pilota txapelketa. Aurten 20 bikote arituko dira lehian, eta berezitasun gisa denak herritarrak izango direla azpimarratu dute Murumendiko ordezkariek. Partidak ostiral eta igande arratsaldetan izango dira, Gernika pasealekuko pilotalekuan, eta finalak Loinatz jaietan, maiatzaren 10ean eta 12an. Euskal Herriko Itzuliko azken aurreko etapa Beasainen bukatuko dela-eta, etziko partida 19:30ean hasiko da, baina gainontzeko partida guztiak 19:00etan izango dira ostiraletan. Igandetakoak 17:00etan.
Aurtengo txapelketa berezia izango dela aurreratu dute Murumendiko ordezkariek, “ez baita pilotari faboritorik egongo”. Herriko pilota txapelketan parte hartuko duten partaide guztiak “antzeko mailan” ariko direla uste dute antolatzaileek, eta horrek ere bizitasuna emango diola txapelketari.