Izagirretarrentzako eguna
Euskal Herriko Itzulia gaur iritsiko da Goierriko errepideetara. Eguerdiko ordubatean abiatuko da 5. etapa Eibartik, eta 14:30ak aldera sartuko da eskualdean, Matxinbentatik. Mandubiako gaina, Lierni eta Olaberria (hiruna aldiz) eta Barbariko gainetatik pasako dira txirrindulariak. Horiek izango dira, Beasaingo helmugarekin batera, zale gehien bilduko diren tokiak. Etaparen bukaera, berriz, 17:00ak alderako dago aurreikusita.
Euriarekin, are bihurriago
Bi anaiek etapa «gogortzat» dute gaurkoa. «Hasiera-hasieratik zailtasun asko dituen etapa da, eta talde bakar batek kontrolatzeko zaila». Horri guztiari eguraldiaren iragarpenek diotena betetzen bada, are bihurriagoa izango da etapa, jaitsieretan batez ere. Esan horretan ere bat datoz Izagirre anaiak, eta egia esan, bideak nola dauden ikusita, arrisku uneak ere bizi ditzakete, irristakorra egongo baita zorua. Biek ala biek behin baino gehiagotan egingo zuten amets gaurko etapa irabaztearekin, baina nahiago dute oinak lurrean eduki, errepideak jarriko baitu bakoitza bere tokian.
Samuel Sanchez Euskalteleko taldeburuaren ustez, «oso gogorra» izango da gaurko etapa. «Arnasa hartzeko eta jateko tarterik ere ez duen etapa da Beasaingoa, eta talderen batek etapa gogortzen badu, are gogorragoa izango da». Hala ere, Euskalteleko txirrindularien iritziz, gaurkoak ez, biharko erlojupekoak erabakiko du itzulia nork irabaziko duen.
Contador eta Porte faborito
Sergio Luis Henao Sky taldeko txirrindulari kolonbiarra –Lejanako etapa irabazi ondoren jantzi zuen elastiko horia– lider dela abiatuko da gaurko etapa. Nairo Quintana herrikidea –atzo Arraten irabazle– doa bigarren sei segundura, eta hamar segundura daude 53. Itzulia irabazteko bi hautagai nagusiak, Richie Porte (Sky) eta Alberto Contador (Saxo-Tinkoff). Australiarra Paris-Niza irabaztetik dator, eta espainiarrak alde izan dezake errepideen ezagutza, amateur mailan Iberdrolan taldean ibili izan zelako.
Etapa «gogorrak» izango dira biak
Eibartik abiatu eta Mandubiatik sartuko da gaur arratsaldean Euskal Herriko Itzulia Goierrira, 14:34ak aldera. 165,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek, bide estu eta goraberatsuan. Eguraldi bustia ere bidelagun izango dutela iragarri dute eta, antolatzaileen ustez «nahiko arriskutsua» izateko aukera handiak dituzte gaurko etapak eta biharko erlojupekoak.
SRM sistemaren bidez egindako neurketen arabera, guztira 3.300 metroko desnibela izango du gaurko ibilbideak. Tartean, hiru aldiz igo beharko dute %12,4ko desnibela duen Olaberriako gaina. Igoera honetako hasieran %15eko eta %16,5eko desnibela dute, gainera. Tarte honek 1,4 kilometroko luzeera soilik izango badu ere, gune erabakigarria izango da, batez ere hirugarrenez pasatzerakoan, metatik bost kilometro eskasetara egongo baitira txirrindulariak, euren onena ematen. Toki egokia, beraz, etapako momentu azpimarragarri eta erabakigarrienak ikusi nahi dituztenentzat.
Olaberriako igoera, gainera, bide aldapatsua izateaz gain, oso bide estutik igoko da. Eta Olaberriakoa ez da bakarra izango. Azken etapa honek errepide estu ugari izango ditu. Gune askotan luiziak egon dira azken asteetan, eta inguruak txukuntzen lan handia egin dute azken egunetan, gaur-biharretan txirrindulariek trabarik izan ez dezaten. Eta igoerak gogorrak izango badira, jaitsierak ez dira hobeak izango, bide bihurri eta bustietan.
Goierriko bi anaia txirrindulariak animatzen Lierniko gainean izango dira, besteak beste, Izagirre Anaiak jarraitzaile taldekoak, baita goierritar ugari ere.
Erlojupekoa ere «gogorra»
Biharko erlojupekoan 24 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek, gaurkoa baina ibilbide motzagoa izan arren, gaurko gora-behera berdinekin. Itzuliko antolatzaileen ustez, azken proba hau «txirrindulari espezializatuentzako baino gehiago izango da txirrindulari osatuentzat, orekatuentzat», dituen ezaugarriengatik.
Etapa ikusgarria izango da, beraz, Goierrira bertaratzen diren ikusleentzat, eta batez ere helmuga egongo den Beasaingo Pergola inguruetara bukaera ikustera gerturatzen direnentzat.
Etapen ibilbidea eta ordutegia:
- 5. etapa: Eibar-Beasain
- 6. etapa: Beasain-Beasain
Zirkulazio oharrak:













