Ikusgarria izan da Euskal Herriko Itzuliaren bosgarren etapa. Tropelak eguneko azken mendatean harrapatu du Omar Fraile, eta azken kilometroetan talde batek egin du ihes, Samuel Sanchez, Contador eta Henao tartean. Lazkaotik Beasainera bidean erabaki da etapa, eta Richie Portek lortu du azkenean lehen postuan helmugaratzea.
ETBko albistegietako zuzendari berria da Maite Amundarain itsasondoarra. 1990. urtean oposizioak gainditu zituenetik, Euskal Telebistan lan egin izan du, beti albistegietan. EiTBko zuzendaritzan izandako azken aldaketen ondotik izendatu dute Amundarain ETBko albistegien buru. Bere helburua, «ETB1 katean albiste normalizatu bat» egitea eta «edozein katerekin konpetitu ahal izango duen telebista egitea» dela esan du, eta «hilaren 8tik aurrera, goizero euskarazko albistegia» egingo dutela aurreratu du. Izendapena jaso berritan egin dio elkarrizketa GoiBerri aldizkariak, eta gaurtik aurrera irakurri ahal izango da.
Euskal Herriko Itzulia gaur iritsiko da Goierriko errepideetara. Eguerdiko ordubatean abiatuko da 5. etapa Eibartik, eta 14:30ak aldera sartuko da eskualdean, Matxinbentatik. Mandubiako gaina, Lierni eta Olaberria (hiruna aldiz) eta Barbariko gainetatik pasako dira txirrindulariak. Horiek izango dira, Beasaingo helmugarekin batera, zale gehien bilduko diren tokiak. Etaparen bukaera, berriz, 17:00ak alderako dago aurreikusita.