‘Euskaraz bizi’ bizikleta martxa egingo dute bihar Goierri behean
Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Beasainen bukatuko dela eta, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak bizikleta martxa bat antolatu du, biharko, Goierri beheko hiru hirigune nagusietan barrena. Euskaraz bizi lelopean egingo dute martxa.
Ekitaldia 11:30ean hasiko da, Beasaingo Barrendain plazan —tren geltokiaren parean—. Beasaindik Lazkaora joango dira, handik bueltan Ordiziara, Lazkaibartik, eta atzera Beasainen bukatuko da bizikleta martxa.
Txangoa egin ondoren, bazkaria izango da Beasaingo gaztetxean. Arratsaldean, Euskal Herriko Itzulira joateko gonbidapena egin die EHEk parte-hartzaileei.