Argazkiak: Carlos Mediavilla
Ampo Ordizia Espainiako Kopako finalerako sailkatu da bigarren urtez segidan, joan den larunbatean Urbieta zelaian Bizkaia Gernikari 24-51 irabazi eta gero. Axio Arañak zuzendutako taldea hiru puntu aurka zituela joan zen Gernikara –23-26 galdu zuten Altamiran–, baina bigarren zati bikaina jokatuta kanporaketari buelta eman zion, eta iaz lortutako titulua defendatuko du maiatzaren 5ean Santaderko El Sardinera zelaian (12:30). Iazko ligaren txapelduna izango du aurkari, Valladolideko VRAC Quesos Entrepinares taldea.
Dozenaka zalez babestuta jokatu zuen Ordiziak Gernikan. Jokalariak presiopean zeudela ez dago dudarik, klubak aurtengorako jarrita dituen helburuen artean baitzegoen titulua defendatzeko borrokan aritzea. Ordiziak sendo ekin zion partidari, eta 8. minuturako 0-14 aurretik zen Alvarez de Eulatek eta Huxfordek sartutako entsegu banari esker. Baina lehen zatia 17-24 bukatu zen, eta kanporaketa airean zegoen oraindik.
Aldageletatik bueltan, Ordiziako jokalariak lasaiago atera ziren zelaira, eta konfiantza berreskuratuta, hogei minutuan 17-41 jarri ziren aurretik, Quarrieren, bitan, eta Sillsen entseguekin. Hortik aurrera, denboraldi honetako minuturik onenetakoak jokatu zituen Ordiziak, eskutik eskurako jokaldi ederrak osatuz.
Laugarren postua jokoan
Araña pozik zegoen partidaren amaieran, eta jokalarien jarrera eta partidan egindako lana goraipatu zituen. Orain liga dute buruan, partida garrantzitsua baitu Ordiziak larunbatean Altamiran El Salvadorren aurka. Bi taldeek laugarren postua dute jokoan.