Asteburuko herri galdeketak ez du zilegitasunik udal gobernuarentzat
Legazpiko udal gobernuarentzat herri galdeketak «ez du zilegitasunik, ez sinesgarritasunik», Kepa Urtzelai alkateak esan duenez. Herritarrei galdetzea «ongi» iruditzen zaiela adierazi du, udalak galdeketa gauzatzeko «erraztasun guztiak» eman dituela gaineratuz.
Herri galdeketa antolatzeko moduekin ez datoz bat, eta ez dute bertan «parte hartuko». Negoziaketa mahaian «hain gertu» egon eta gero, udal gobernua «kontatu hartu ez izana» salatu dute. Bide batez, «beste norbaiten eskuetan utzitako botoak, eta Legazpin lokal bat edo etxebizitza bat duen edozeinek» botoa emateko aukera izateak «zalantzak» sortzen dizkiela esan du Urtzelaik.
Atez atekoaren aldeko apusturik egin ezean «arduragabekeriaz» jokatuko luketela uste du, besteak beste bosgarren edukiontziak baino «emaitza hobeak» ematen dituelako. Legorreta, Itsasondo eta Zaldibiako datuetan oinarrituz, «atez atekoa jarri denetik, hiru astetan %35eko birziklatze tasatik %70era» pasatu direla azpimarratu du, eta abian den parte hartze prozesuan «600 herritarrek» parte hartu dutela.