Eskola txikiaren azoka, jai giroan
Olaberriko eskola txikiak hirugarren ekitaldia igandean burutu zuen, Gipuzkoako festa ospatu aurretik —ekainaren 9an da— urte osora beraien lana eta izatearen berri zabaltzeko. Azokak, merkatu txikia, lehiaketak eta bazkaria egin zituzten, besteak beste. Jendeak erantzun zuen.
Herriko nekazariek ekoitzitako produktuen azoka frontoian kokatu zuten, buelta osoan salpostuak ipinita. Ardoa, txakolina, gazta, ogia, piperrak, gozoak eta pastak edota barazkiak zeuden saltzeko, denak Olaberrikoak edo olaberritarrek ekoitziak. Zurezko artisautza, arropa tindatuak, pitxiak eta Olaberriko kuttunak ere eskuratu ahal izan ziren.
Ihurre Zaharra kultur etxean, berriz, bigarren eskuko gauzen merkatua antolatu zuten. Trukatzeko, edo erabilitako gauzak merkeago erosteko nahiz saltzeko modua eskaini zuen. Arropa, jostailuak eta panpinak ziren gehienak.
Jai giroko osagaien artean, trikitilari, zaldi gaineko paseo eta lagun arteko bazkariaz gain, goizean patata-tortilla lehiaketa egin zuten, frontoian, kanpoan haizea harro baitzebilen. 15 taldek parte hartu zuten, herriko elkarteetakoak, nahiz beste eskola txiki batzuetako gurasoenak.
Itsasondoko eskolako gurasoen taldeak irabazi zuen lehiaketa.
Egunaren argazkiak ikusteko, Zeba-Kuttun guraso elkartearen bilduma.