Herri plataforma: «Zaborraren esklaboak bihurtu nahi gaituzte»
Legazpiko Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak hondakinen bilketa sistemaren inguruan datorren asteburuan egingo duen herri galdeketari buruzko xehetasunak argitu ditu. Kontsultaren bidez, legazpiarrak «udal gobernuak hartu duen erabakiaren aurka» daudela erakutsi nahi dute: «Zaborraren esklaboak bihurtu nahi gaituzte». Diotenez, inposizioa «ez da legazpiarren artean elkarbizitza» bultzatzeko modua eta horregatik «Legazpik zein bilketa sistema nahi duen aukeratu nahi duela garbi utzi du».
Leporaino bete zen Latxartegi aretoan egin zituzten herri plataformako kideek adierazpenok, herri galdeketaren nondik norakoak argitzearekin batera. Etxe guztietara «bosgarren edukiontziaren aldeko lau txartel marroi, atez ateko sistemaren aldeko lau txartel zuri, beste norbaiten eskuetan utzitako botoarentzat bi txartel eta lau gutun azal zuri» banatu dituzte.
Legazpin bizi edo Legazpin etxe edo lokal bat duen edonork eman ahal izango du botoa. Derrigorrezkoa da 18 urte beteta izatea eta norberaren datuak ziurtatzen dituen agiriren bat eramatea. Bertaratu ezin daiteken norbaiten botoa eman behar duten bizilagunek, txartel marroiaz edo zuriaz gain, bien datuekin betetako bigarren txartel bat ere aurkeztu beharko du.
Emaitzak eguneratuta
Hauteslekuak larunbatean 10:00etatik 20:00etara eta igandean 10:00etatik 16:00etara egongo dira irekita. Bizilagun bakoitzak «hauteskundeetako leku berera joan beharko du botoa ematera», eta prozesu guztia «Antonio Mula notarioak» egiaztatuko du. Etzi 16:00etan eta 20:00etan eguneratuko dituzte galdeketaren emaitzak atezateez.com web gunean. EAJ eta Hamaikabat alderdiek ikuskatzaileak jarriko dituzte, Bilduk, aldiz, galdeketan ez duela parte hartuko jakinarazi du.