Maiatzaren 1ean kalera ateratzeko deia egin du LABek
Gaur goizean Beasaingo LABen egoitzan egin duten prentsaurrekoan maiatzaren 1ean kalera ateratzeko deia egin dute. “Urtez-urte gobernuek eginiko erreforma desberdinen bidez krisi ekonomikoa sakontzen ari garen une honetan maiatzaren 1ak berebiziko garrantzia” hartzen duela azaldu dute Haizea Mendiak eta Jon Loinazek. Harturiko neurri guztien ondorioa “langileak pobretzearen kontura aberatsak aberatsago egotea, eskubideen murrizketa eta zerbitzu publikoen gutxitzea” direla azaldu du. PNVk aurkezturiko aurrekontuak inoiz prestaturiko aurrekontu antisozialenak” direla ere azaldu dute, “negoziarioari lekurik utzi gabe.
Langabezia datuak ere eman dituzte prentsaurrekoan. Goierri Behean 2008ko abenduan 1.428 langabetu egotetik egun 2.591 langabetu egotera pasa dira, %14,20eko langabezia tasarekin. Goierri garaian, berriz, 2008ko abenduan 1.007 langabetu egotetik 1.873 izatera pasa dira %13,94eko langabezia tasarekin. Lana dutenen artean ere “atzerapausu handiak” eman direla azaldu dute “ERE bidez, lan baldintzen oinarrizko aldaketen bidez…”.
Honen guztiaren aurrean, maiatzaren 1ean kalera ateratzeko deia egin dute “burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatzeko” eta “aberastasun banaketan oinarrituko den lan harreman eta babes sozial eredu berria” aldarrikatzeko. “Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria” lemapean egingo den manifestaldia eguerdiko 12:00etan abiatuko da Ordiziako plazatik eta Beasaingo plazaraino joango da.