300 ale baino gehiago trukatu dituzte ormaiztegiarrek liburu azokan
Ormaiztegiarrek liburu azoka egin dute aurten lehenengoz. Ekimenak arrakasta izan du, 300 liburu baino gehiago trukatu baitituzte. Antolatzaileek datorren urtean berriro antolatuko dutela aurreratu dute.
Liburu azoka Ormaiztegiko Udaleko Kultura sailak eta Zumalakarregi museoak antolatu dute. Herritarrek astebete izan zuten etxean zituzten liburuak liburutegira edo museora eramateko. Eramandako ale bakoitzeko txartel bat jaso zuten eta horiek liburuengatik trukatu zituzten astearteko azokan. Liburutegiak eta museoak ere liburuak eraman zituzten azokara.
Eguraldi ona lagun, jende asko hurbildu zen Zubipe kiroldegiaren kanpoaldean jarritako mahaietara. Gaztetxoak izan ziren liburuak trukatzen lehenak, azoka eurak eskolatik irten ziren ordu berean ireki baitzen. Helduak ere gerturatu ziren. Parte hartzaileen artean liburuak zozketatu zituzten.
Elisabete Jaka kultur teknikaria gustura ageri zen. «Jende dezente etorri da eta 300 liburu baino gehiago trukatu dituzte. Arratsaldea oso ondo joan da. Haurrak ikastetxetik irten bezain pronto etorri dira eta une horretan jende asko egon da».
Haurren liburuak berehala agortu ziren, baina helduenak ere eskatu zituzten. «Jendea oso gustura egon da. Ekimena asko gustatu zaiela esan digute. Printzipioz, datorren urtean ere antolatuko dugu».
Egitasmo honi esker, herritar asko eta asko liburuak besapean itzuli ziren asteartean etxera. Horietako bat Amalur Cuesta da. June eta Noa alabekin joan zen azokara. «Alaba zaharrena azokari buruzko informazioarekin etorri zen ikastetxetik eta parte hartu nahi zuela esan zuen», azaldu zuen.
Cuestari primeran iruditu zitzaion eta etxean zituzten hiru liburu museora eraman zituzten. Asteartean beste hiru hartu zituzten. «Hiru ipuin hartu ditugu: Junek irakurtzeko moduko bi eta Camille hartzari buruzko beste bat Noarentzat. Museora nire hiru liburu eraman genituen eta batere gabe gelditu naiz!», esan zuen txantxetan.
Izan ere, alaba nagusiaren liburuak txikiarentzat gordetzen ditu. Berari asko gustatzen zaio irakurtzea eta alabak zaletu egin nahi ditu. «Oso ondo iruditzen zait halako ekimenak antolatzea. Jendea motibatzeko eta etxean ahaztuta ditugun liburuak trukatzeko primerakoak dira», amaitu zuen.