Aurreko urtean baino apalago hasi da CAF aurten, emaitzei begira
Berria.info- Beasaingo CAF tren egileak 2013ko lehen hiruhilekoaren emaitzak eman ditu ezagutzera, eta aurreko urtean baino motelago hasi dela islatu dute zenbakiek. %19,6 egin du behera enpresaren irabazi garbiak 2012ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Iaz 27,5 milioi euroko irabazia izan zuen, 2011n baino %7 gehiago; aurten, berriz, 22,24 milioi eurokoa izan da.
Zenbaki horiek islatzen duten urteen arteko aldeak ez dira hain handiak sozietate zerga aurreko irabaziak kontuan hartzen badira. 2013an 29,73 milioi euroko irabazi garbia izan du CAFek lehen hiru hilabeteetan, iaz baino %14,79 gutxiago. Iaz baino zerga gehiago ordaindu ditu tren enpresak kopuruei erreparatuta.
Friburgo, Taiwan eta Tallinn
Edonola ere, Beasaingo enpresak emaitza onekin jarraitzen du, batik bat esportazioei esker. Bere produkzioaren zatirik handiena ez alferrik nazioartean saldu du, %82 hain zuzen. CAFen fakturazioa 403,9 milioi eurotakoa da egun, iazko lehen hiruhilekoan baino %12,9 gutxiago (59,8 milioi euro gutxiago).
CAFen eskaera zorroa 4.866,3 milioi eurotakoa da, iaz baino %2,2 txikiagoa. Urtearen hasieran hainbat proiekturen adjudikazioa jaso du enpresak, besteak beste, Friburgon (Alemania, 40 milioi), Taiwanen (100 milioi) eta Tallinnen (Estonia, 44 milio). Halaber, Sao Paulon (Brasil) hainbat trenen mantenua egiteko akordioak lortu ditu 120 milioi euroren truke.