
Marta Ruibalek (Donostia, 1968) Zumarragako Ospitalean egiten du lan orain zortzi urte, lehenengo Gasteizen eta Donostiako Ospitalean geroago. Espezialitate guztien artean neurologia aukeratu zuen, «kirurgikoak ez direnen artean interesgarriena» iruditzen zaiolako. Gipuzkoako Epilepsia Elkarteak antolatuta Epilepsiarekin bizi hitzaldia egingo du gaur Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Elkarteak, hitzaldi honekin gaixotasunaren inguruko mitoak hautsi, eria gizarteratu eta herritarrak sentsibilizatu nahi ditu. Hitzaldia 18:00etan da.
Zergatik da neurologia diozun bezain interesgarria?
Garunak dena gobernatzen du, aginduak ematen ditu eta burmuinaz ez dakiguna dakiguna baino askoz gehiago da. Batzuetan frustragarria da gaixotasun askoren zergatia ez dugulako aurkitzen, baina horrek berak akuilatu egiten zaitu, eta beti daukazu erne egoteko gogoa. Egia esateko, ospitaleko neurologia kontsultan ikusten ditugun gaixotasun gehienak ezin ditugu sendatu.
Epilepsiaz arituko zara gaur; gaixotasun ezezaguna al da?
Epilepsia burura etortzen zaigunean pertsona bat dardarizo batean lurrean etzanda imajinatzen dugu. Bestalde, sarri, gaixotasun hau buruko gaitzekin lotu izan da. Epilepsia duenak, ordea, bizitza normala egiten du, eta botika jakinekin gaixotasuna kontrolatu ahal dugu. Egia esateko, inguruan pentsatu baino epileptiko gehiago dugu. Oraindik ere, nire kontsultara datorren batek baino gehiagok ez du kalean edo lanean epileptikoa dela esaten.
Zer da zehazki epilepsia?
Krisi epileptikoa eta epilepsia bereizi behar dira. Edonork izan dezake krisi bat. Neuronek deskarga elektrikoak egiten dituzte informazioa trukatzeko, eta des- karga horiek gehiegizkoak direnean sortzen dira krisiak. Epilepsiaren diagnosia krisi hauek errepikatzen direnean egiten dugu; bi krisi baino gehiago izandakoan, kasua baloratzen dugu. Hori da, hain zuzen, gaurko hitzaldian azalduko dudana.
Botikekin gaixotasuna kontrolatu daitekeela esan duzu; epileptiko guztiei egokitzen al zaie botika bera?
Gaixo bakoitza ezberdina da, eta baita krisiak ere. Gure jardunean epilepsia sindromea nolakoa den zehaztu behar dugu: noiz gertatzen diren krisiak, nolakoak diren, lotutako gaixotasunik dagoen… Koadro osoa jaso eta horrek botika zein izan daitekeen zehazten laguntzen digu; gaixo batekin funtzionatzen duenak, beste batengan krisiak areagotu ditzake.
Gaixotasun kronikoa al da? Behin diagnosia eginda, betirako al da?
Ez dauka zertan. Umeengan, adibidez, behin garuna heldu zaienean, botika kendu ahal diezu. Hamarretik seik ez dute krisi gehiagorik izaten.
Botikez gain, bizimodu aldaketa eragiten al du gaixotasunak?
Bizitza normala egin dezaketela esan dut, lan egin dezakete, ikasi dezakete eta haurrak ere eduki ahal dituzte. Baldintza batzuk badaude, halere.
Zeintzuk dira baldintza horiek?
Bizimodu osasuntsua, ariketa fisikoa eta elikadura zaindu behar dute. Alkoholik ez edatea garrantzitsua da. Noski, nerabe bati diagnosia egiten diozunean parrandak utzi behar dituela, ezin duela gidatu, medikura aldiro etorri behar dela, botikak hartu behar dituela eta loaren erritmoa zaindu behar duela esaten diozunean, dudarik gabe, bizitza aldatzen diozu.
Epilepsia onartzea kostatzen al da?
Gazteentzat zailagoa da hasieran, finean, baldintzak jartzen dizkielako. Zenbait lanbidetan ezingo dira aritu: espeleologoa, pilotua, edo arriskuak dituen beste edozein ofiziotan.
Krisiak dardarizoekin lotu ohi badira ere, ez dira beti horrelakoak, ala?
Egiazkoak ez diren kondaira asko daude gaixotasun honen inguruan. Konbultsioak dituztenean ez diegu ezer ere ahoan sartu behar, erosotasuna bermatu baino ez diegu egin behar. Amaitzean, albo batera jarri eta osatu arte itxaron behar dugu; pasatu egiten zaie. Bestalde, krisi batzuk absentzia gisa agertzen dira. Haurren kasuan, askotan irakasleak dira gaixotasuna antzematen dutenak.
Zerk eragiten du krisia modu batekoa edo bestekoa izatea?
Gehiegizko neurona deskarga non gertatzen den. Mugimenduen eremuan bada dardarizoak izango dituzte, entzumenaren arloan bada zaratak entzungo dituzte, ikusmenean bada argiak eta haluzinazioak ere ikusiko dituzte, beste batzuetan kontzientziari eragingo diete…
Goierrin zenbat epileptiko dago?
Datu hori ez dut, baina Gipuzkoan 14.000 inguru dira.