
Telleriarteko Txirrindulari elkarteak otsailean egin zuen urteko batzar orokorrean sortu zen txirrindulari eta zaldunen arteko desafio bat antolatzeko ideia. Juan Luis Ormazabal elkarteko kideak azaldu duenez, «Legazpiko Ormazarreta zalditegikoak hiru zaldi jartzeko prest» agertu ziren. Elkarteak beste hiru txirrindulari aukeratu zituen.
Legazpin gisa honetako desafio bat egiten duten lehendabiziko aldia izango da, «ez da ohikoa». Gabiriko Korta erretegitik Legazpiko Atagoitiko gaineraino dagoen bost kilometroko bidea nork azkarrago egin da erronka. Mariano Fernandez eta Marian eta Rafa Lasa anai-arrebak parte hartuko dute
Appalosa,
Lucero eta
Txokolate zaldien gainean. Imanol Ugarte, Unai Perea eta Ander Ibarguren arituko dira, aldiz, bizikletan.
Lagun arteko desafioa
Desafioa borobiltzeko beste proba bat ere antolatu dute lehena amaitzen denerako. Iturrigorri iturriaren paretik Atagoiti baserriraino lasterketa egingo dute Andoni Gutierrezek asto gainean eta Josu Agirrek bizikletan. Desafioa larunbaean burutuko da, larunbata, 12:00etatik aurrera. Ordu horretan irtengo dira parte hartzaileak Korta jatetxetik eta «ordu erdiko epean» Atagoitira inguratuko direla aurreikusten dute antolatzaileek. Eguerdian, «12:00ak eta 13:00ak bitartean errepidea itxita» egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Lagun arteko desafioa izango da, «ez da ezer egongo jokoan».