Irrintzi dantza taldeak 'Bazen behin...' ikuskizuna egin du Zelai Ariztin
Irrintzi dantza taldeak 'Bazen behin...' ikuskizun bizi eta koloretsua egin du asteburuan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ipuin baten egitura oinarri hartuta, bi gai landu dituzte batez ere, landa eremuari lotutako euskal lanbideak eta erromeriaren alderik misteriotsuena, sorginen unibertsoa, alegia. Hori guztia taula gainean azaltzeko, 80 bat dantzarik eta 10 musikarik parte hartu dute ikuskizunean. Dantza tradizionalak eta Irrintzi taldekoek prestatutako koreografiak uztartu dituzte, pauso eta erritmo aniztasuna bilatuz. Zelai Ariztin bildutako ikusleek gozatu egin zuten Irrintzikoen ikuskizunarekin.