Bai ilusio aldetik, eta baita gorputzaldi aldetik ere gogotsu dago Ampo Ordizia Espainiako Kopako finala jokatzeko. Iaz Palentziako La Balastera izan zen goierritarren balentria egi bihurtu zuen zelaia, eta aurten gauza bera errepikatzen saiatuko dira Santanderren, El Sardinero zelaian. Etzi jokatuko da finala, 13:00ean, eta parez pare Valladolideko beste talde bat izango du, VRAC Quesos Entrepinares –iaz Valladolideko El Salvador hartu zuen mendean–. Iaz bezalaxe, aurten ere, ehunka eta ehunka zaleren babesa izango du Ordiziako taldeak harmailetatik bultzaka.
Bai ilusio aldetik, eta baita gorputzaldi aldetik ere gogotsu dago Ampo Ordizia Espainiako Kopako finala jokatzeko. Iaz Palentziako La Balastera izan zen goierritarren balentria egi bihurtu zuen zelaia, eta aurten gauza bera errepikatzen saiatuko dira Santanderren, El Sardinero zelaian. Etzi jokatuko da finala, 13:00ean, eta parez pare Valladolideko beste talde bat izango du, VRAC Quesos Entrepinares –iaz Valladolideko El Salvador hartu zuen mendean–. Iaz bezalaxe, aurten ere, ehunka eta ehunka zaleren babesa izango du Ordiziako taldeak harmailetatik bultzaka.
Iazko lorpena handia izan zen Ampo Ordiziarentzat, eta aurten gauza bera lortzeko dagoen gogoa ez da gutxiagorako. Batetik, titulua defendatuko duelako Ordiziak, eta bestetik, bigarren titulua lortu nahi duelako. Aurten, gainera, berrogei urte betetzen ditu Ordizia Rugby Elkarteak, eta oroigarri polita litzateke Koppa berriz Ordiziara ekartzea.
Baina aurrean izango duen taldea ez da berriketakoa. Iazko ligaren txapelduna da –Ampo Ordiziari irabazi zion Pepe Rojon jokatu zen finalean–, eta aurtengo liga erregularra ere lehen postuan bukatu du. Irailean Palentzian jokatu zen Superkopako finalean ere gailendu egin zitzaion Ordiziari, baina ligako bi partiden balantzea oso bestelakoa da. Valladoliden gaztelarrak nagusitu ziren juxtukatik, epaileak baldintzatu zuen norgehiagoka batean, eta Altamiran, berriz, goierritarrak hobeak izan ziren.
Gaztelakoek talde oso indartsu eta orekatua dute, eta horrez gain, Ordiziak baino eskarmentu handiagoa du finalen moduko tentsiozko partidetan. Hala ere, baja garrantzitsu batzuk izango dituzte etzi, Quesosen jokalari batzuk Seven txapelketa jokatu beharra baitaukate Espainiarekin.
Ampo Ordizia, bete-betean
Kopako finalerako txartela lortu zuenetik, Ampo Ordiziak etziko partidan ditu jarriak begiratu guztiak. Liga ez du ahanzteko, baina bigarren kopa etxeratzea zen Ordiziaren aurtengo helburu nagusia, eta azken hamabost egunetan beste konturik ez da Altamirako lansaioetan. Liga erregularreko azken partidan ez-ohiko taldea zelairatu zuen Axio Arañak, eta min hartuta eta kili-kolo zeuden zenbait jokalari etxean geratu ziren. El Salvadorren aurkako partidan lesionatu zen Clinton Sills jokalaria ez beste guztiak Santanderren aritzeko moduan daude, eta zentzu horretan aitzakia gutxi dago.
Phil Huxford aste honetan bertan itzuli da Zeelanda Berritik, Ignas Darkintis Lituanian izan da selekzioarekin, baina Ordizian da dagoeneko, eta Nick Marshall ere zelaian izango dela dirudi, baita Joanes Aierbe kapitaina ere.
Asteartean egin zuen taldeak asteko lehen entrenamendua, eta ilusioa eta giro ona sumatzen zen taldean. Atzo ere lansaioa egin zuten, eta gaur egingo dute azkenekoa, intentsitatea zertxobait handituz. Zuzendaritzako kide, teknikari eta jokalariak bihar goizean abiatuko dira Santanderrera. Axio Arañaren esanetan, finala partida ezberdina da, eta horrela hitz egin du haren bezperatan: «Ilusio eta motibazio handia sumatu dut aste honetan taldean. Kopa irabazteko gogoa dute jokalariek». Sardinero izan daiteke Ordiziarentzat Balastera berria.
Hiru mila zale inguru joango dira Goierritik finala ikustera
Hasieran batean giroa iaz baino apalago zegoela zirudien arren, finala gerturatzen ari den heinean gero eta gehiago dira Santanderrera joateko erabakia hartu duten goierritarrak. Klubak egin duen azken kalkuluaren arabera, hiru mila zale inguru joango dira Ordiziatik eta eskualdetik igandeko finala ikustera.
Zaletu talde batek sei-zazpi autobus betetzea lortu du –08:00etan abiatuko dira autobusak Arboladitik, eta ez Altamiratik–, Zegaman ere autobus bat bete dute, eta beste autobus partikular bat ere beteta dago. Asteburu pasa eta autoz ere jende asko da joatekoa. Itzuleran harrera egingo diote taldeari Ordizian.
(Jim Dixonek duela bi urte egindako bideoa, Ordizian egindako ibilbidea errepasatuz)
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.