Olaberriko herri eskolak antzezlan berezia prestatu du: Olaberria-Lazkao epaiketa. Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren aurretiazko egitaraua borobiltze aldera, «ikuskizun didaktikoa eta herritarra» ondu dute. Olaberria 1804an Lazkaogandik banatu zeneko istorioa kontatuko dute. Antzerkiaren estreinaldia Lazkaon izango da, bihar. Bi emanaldi egingo dituzte, Areria antzokian: lehena 17:00etan, eta bigarrena 19:30ean. Sarrera 5 euro da, eta Olaberriko Zezilionea ostatuan eta Lazkaoko Gerriko liburu-dendan daude salgai. Jasotako dirua ekainaren 9an Olaberrian ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien festa antolatzeko da.
Bai ilusio aldetik, eta baita gorputzaldi aldetik ere gogotsu dago Ampo Ordizia Espainiako Kopako finala jokatzeko. Iaz Palentziako La Balastera izan zen goierritarren balentria egi bihurtu zuen zelaia, eta aurten gauza bera errepikatzen saiatuko dira Santanderren, El Sardinero zelaian. Etzi jokatuko da finala, 13:00ean, eta parez pare Valladolideko beste talde bat izango du, VRAC Quesos Entrepinares –iaz Valladolideko El Salvador hartu zuen mendean–. Iaz bezalaxe, aurten ere, ehunka eta ehunka zaleren babesa izango du Ordiziako taldeak harmailetatik bultzaka.