Jentilen Bideetatik iraupen luzeko ibilaldia igandean da, Ataunen
Ataunen urte bakoitiean antolatzen duten iraupen luzeko Jentilen Bideetatik mendi ibilaldia igandean izango da, zazpigarren aldiz. Ataun Kirol Elkarteak prestatu du aurten ere. Igandean 06:30ean abiatuko dira ibiltariak, eta egun osoa igaroko dute, 10-12 ordukoa baita. Udalerriari itzulingurua egingo diote, Auzoeta kiroldegitik (San Martin) abiatu eta bertan bukatu.
Izena aurrez emateko zerbitzua webgune batera (www.zirkuitua.com) bideratu du antolakuntzak, 10 euro ordainduta. Partaidetza erritmo politean ari da ugaltzen; atzo, arratsalde aurrenean, 98 lagun zeuden apuntatuta. «Eguraldi ona iragarri dute, gainera, bai larunbaterako eta bai iganderako. Beraz, jendea animatu dadila», egin du gonbita Ataun Kirol Elkarteko mendi saileko Jexux Goikoetxeak.
Maratoia baino distantzia luzeagoa du ibilbideak, 48 kilometro. Baina ez da lasterketa, eta ezin da korrika joan. «Mendi ibilaldi honek oinezkotasuna bultzatu nahi du, naturaz dastatuz, eta korrika nahiz apustu-kutsua baztertuz», zehaztu dute antolatzaileek.
Hala, kiroldegitik abiatu, eta Astigarraga auzunean bertan mendirantz joko dute oinezkoek. Ataungo udalbarrutiari ordulari orratzen aurkako norantzan emango diote bira. Txartelean zehaztutako kontrolguneetatik pasatu beharko dute, nahitaez.
Hiru kontrolgune
Kontrolak Areatza gainean (12. kilometroa, 984 m, ibilbideko puntu goiena), Lizarrustin (26. km) eta Intsustiko iturrian (41. km) egongo dira. Toki horietatik mugatutako denbora-tartean igaro daiteke, ez lehenago, ez geroago.
Hiru gune horietan jatekoa eta edaria jarriko ditu antolakuntzak. Bukatutakoan, kiroldegian dutxatzeko aukera ere izango dute ibilaldiko partaideek.
FITXA
- Eguna. Igandea.
- Irteera ordua. 06:30a.
- Tokia. Auzoeta kiroldegia.
- Distantzia. 48 kilometro.
- Iraupena. 10-12 ordu.
- Desnibela gorantz. 2.234 m.
- Ibilbidea. Auzoeta, Astigarraga, Irumugata (Esparru), Arantzazumendi, Atxurbide, Areatza, Saratsamendi, Intsusburu, Irumugata, Lizarrusti, Alleko, Lareoko urtegia, Sarastarri, Muñoaundi, Intsustiko iturria, Kobaegi, Amundarain baserria, Mendiola, Iztator, Auzoeta.
- Antolatzailea: Ataun Kirol Elkartea. Babeslea: Ataungo Udala.