Lazkao Txikiren herria... eta musikari bikainena!
Lazkaoko seme ezagunena bertsolari bat da, Lazkao Txiki, baina herri honek musikari bikainak ere eman ditu. Azkenaldian bertsolari handiaren izena daraman musika eskolako ikasleak dira zeresan handiena ematen ari direnak: Unai Saldaña gitarra-jotzaileak bi lehiaketatan parte hartu behar du eta combo taldeak Donostian kontzertua eman du.
Saldañak 13 urte ditu eta Erika Alvarezekin gitarra klasikoa ikasten ari da, nahiz eta bere adineko gehienek gitarra elektrikoa nahiago duten.
Plaza gizona da, gainera. Bere irakasleak lehiaketetan parte hartzea proposatu zionean, baiezkoa eman zuen bitan pentsatu gabe. Maiatzaren 3an eta 4an Euskadiko musikari gazteen lehiaketan parte hartuko du eta 24an eta 26an Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga izenekoan. Azken honetan gitarra-jotzaileek bakarrik parte hartzen dute.
Alvarez oso gustura dago bere ikaslearekin. «Denari baietz esaten dio. Erraztasun handia du eta bere instrumentua asko gustatzen zaio. Azazkalak jateari utzi zion jo ahal izateko, eta telefonoa erosteko aurreztutako dirua gitarra erosteko erabili zuen!».
Combo taldekoek ere oso gustuko dute musika. Goizane Imazek, Maddi Noguerak eta Olatz Ormazabalek osatzen dute taldea. Fredi Pelaez irakaslearekin jotzen dute.
Talde hau ikasleei jendaurrean jotzeko aukera eskaintzeko sortu zen, eta Ormazabalek hasieratik jotzen du. Imazek lau urte daramatza taldean eta Noguerak bi.
Pop musikari atzerritarren abestiak jotzen dituzte. Martxoan Lazkaotik kanpo jo zuten lehenengoz, Donostiako musika eskolak gonbidatuta, eta oso gustura itzuli ziren.
Herritik kanpo gehiagotan jotzeko gogoa dute. «Herrian beti jende berbera joaten da gure emanaldietara, eta publiko erraza da. Jo aurretik irabazita ez dugun jendearen aurrean jo nahi dugu», aipatu dute.
Lazkao Txikik bere musika eskolako ikasleei plazara inongo lotsarik gabe irteten irakatsi die, nonbait.