Legorretako udaletxean momentuz ez da Espainiako bandera jarri beharrik izango
Legorretako Udalak atzerarazi egin du udaletxeko etxaurrean eta batzar aretoan Espainiako bandera jartzeko agindua, salaketaren forma akatsengatik. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzak azaroaren 15ean salatu zuen udala, Estatuaren Abokatutzaren bitartez. Espainiako bandera ez zuela jarri, eta agindua ez betetzeagatik salatu zuen. Donostiako Administrazio Gaietako 3. epaitegiak Legorretako Udalari eman dio orain arrazoia, Estatuaren errekurtsoa ezetsita. Probarik ez duela aurkeztu dio epaileak; “Estatuko Administrazioaren errekurtsoa edozein proba jardueratik umezurtz dago”, dio hitzez hitz.
“Administrazioarekiko Auzitegiak guri eman digu arrazoia, momentuz. Ustez bete ez dugun inolako jarduera edo karguren frogarik ez baitu aurkeztu. Momentuz diogu, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaz ari baikara hitz egiten, eta ziur gaude edozein momentutan berriro ere epaibidean jarriko gaituztela”, azaldu du Legorretako Udalak gaur, epaiaren berri jasotakoan.
Espainiako bandera “gure sinboloa” ez dela dio Legorretako Udalak. “Ahal dugun heinean borrokatuko dugu udaletxean ez jartzeko”.
Oraingoz, behintzat, Legorretako Udalak ez du jarri beharko bandera hori. Bestetik, datorren asteazkenean hasiko diren Azentzio jaietan, balkoietan ikurrina jartzeko eskatu die udalak legorretarrei.