«Txikitatik Amets Arzallus dut gustuko eta berarekin abesteko aukera izan dut»
Gema Urteagak (Beasain, 1995) etorkizun oparoa du bertso munduan. Hilaren 14an Andoni Egañarekin, Amets Arzallusekin eta Aitor Sarriegirekin abestuko du bere herriko festetan.
Nolatan halako bertso zaletasuna?
Umetatik gustuko dut bertso mundua. Osaba bat bertsotan aritzen da. Hiru urterekin, nola edo hala, zer edo zer kantatzen nuen. Sei urterekin bertso eskolara joan nintzen, izena ematera, baina ezin izan nuen hamar urte behar zirelako.
Zer moduz bertso eskolan?
Giro oso ona dugu. Hasieran Bixente Gorostidirekin aritu nintzen, gero Aitor Sarriegirekin eta egun Endika Igartzabalekin. Hiruekin oso gustura aritu naiz.
Zein sari irabazi dituzu orain arte?
Eskolartekoan sei aldiz parte hartu dut, hiru aldiz taldeka. Hiruetan finalera pasatu ginen eta behin irabazi egin genuen. Azken hiru urteotan bakarka aritu naiz, eta iaz txapeldunordea izan nintzen, bai Gipuzkoako txapelketan eta bai Euskal Herrikoan.
Zein duzu gustuko bertsolaria?
Txiki-txikitatik Amets Arzallus dut gustuko. Bertsolari oso jantzia dela iruditzen zait. Edozein gai jarrita ere, ondo egiten du.
Nolako bertsolaria zara?
Gai serioak gustatzen zaizkit eta horietan nahiko ondo moldatzen naizela uste dut. Baina koplak eta umorea ere atsegin ditut.
Beasaingo festetan Egaña, Arzallus eta Sarriegi izango dituzu ondoan oholtzan. Lehen aldia al da?
Ez. Udazkenean Amets Arzallus, Alaia Martin, Ekaitz Goikoetxea, Sebastian Lizaso eta Andoni Egañarekin abestu nuen. Arratsaldean urduri egon nintzen, baina saioan eroso sentitu nintzen. Oso ondo hartu ninduten. Hori oso garrantzitsua da. Gainera, Ametsekin ofiziotan aritzeko aukera izan nuen, eta plazerra izan zen.
Zeintzuk dira zure asmoak?
Bertsolaritzaz gozatu nahi dut, besterik gabe. Gustura nabilen bitartean, jarraitu egingo dut. Ikasketei dagokienez, Batxilergoko bigarren maila ikasten ari naiz eta datorren urtean Donostiara joango naiz Psikologia egitera.