
Ordiziako alkate Igor Egurenek herriko bizilagunak zoriondu ditu atez ateko bilketa sistema diseinatzeko egindako bileretako parte hartzeagatik eta eskerrak eman dizkie izandako jarreragatik. Hain zuzen ere, 1.087 herritarrek hartu dute parte auzoz auzo egin diren bileretan. Alkatearen hitzetan “era askotako herritarrek” hartu dute parte: “udal erabakiarekin ados daudenak nahiz ez daudenak, guztiak kezkatu dira gaiarekin”.
EAJ eta PSE udal taldeen jarrerarekin, berriz, haserre agertu da Eguren: “Onartezina da egiten ari direna. Gezurretik abiatu eta beldurraren sustapenean oinarritutako ageriko zein ezkutuko kanpainak jarri dituzte martxan”. Udal gobernuaren ustez bi alderdi horiek “ihes” egin diote benetako eztabaidari eta “ingurumen eta osasun arazo larriari kutsu politikoa eman eta interes ekonomiko eta espekulatzaileak ezkutatu nahi izan dituzte”. Gogorarazi du behin baino gehiagotan eskatu dietela eztabaida publiko batean parte hartzeko, herritarren aurrean bakoitzaren ideiak azaltzeko; baina “muzin egin eta herritarrak informazio trakestuarekin nahastea” nahiago izan dutela salatu du. “Ordiziarrak zatitzea eta herri konfrontazioa sustatzea baldin bada zuen apustua ez kontatu gurekin. Arduraz jokatzera goaz eta gogor salatu nahi dugu bultzatzen ari zareten herri konfrontazioa”, esan du Egurenek.
Amaitzeko, alkateak herritarrak animatu ditu hemendik aurrera ere martxan jarriko diren ekimenetan parte hartzera. Zentzu horretan, ekainaren 4an eta 5ean behin betiko sistema nolakoa izango den azalduko dute.