Urretxuko Udalak bultzatuta, aniztasun mahaia osatu dute jatorri ezberdineko zenbait urretxuarrek. Elkar ezagutu eta solasean aritzeko bidea eman die mahaiak. Koloreak nahastu dira bertan, bizipenak, janzteko erak, adinak eta mintzairak. Komunean dituztenak, halere, bereizten dituztenak baino gehiago izan dira. Elkarlanak gehiagorako eman badu ere, herenegun Gernika plaza kolorez jantzi duen Kulturen Azoka elkarrekin egindako bidearen emaitza izan da.
Urretxuko 33 familiak eskatu dituzte gizarte larrialdietarako laguntzak urteko lehenengo hiruhilekoan. Guztira, 12.300 euro bideratu dituzte behar horietara. Iñaki Arriaran gizarte langileak zehaztutakoaren arabera, «oinarrizko beharrak asetzeko eta larrialdi egoerei» aurre egiteko laguntzak dira. Etxebizitza gastuetara bideratutako laguntzak daude «alokairua edo hipoteka ordaintzeko». Baita, «ura, argia edo gasaren fakturak» ordaintzeko, obra txikiak egiteko edo gama zuriko etxetresnak erosteko» ere. Oinarrizko beharrei aurre egiteko ere «janaria, fardelak...erosteko» bideratzen dira laguntzak. Lehenengo hilabeteetan egin diren eskaeretatik «%80 etxebizitza eta faktura gastuetara» bideratu dira.
Kilian Jornetek seigarrengoz irabazi du Zegama-Aizkorri mendi maratoia, baina inoiz baino gehiago kostatu zaio: Luis Alberto Hernando 12 segundo eskasera sartu da helmugara. Podiuma Tadei Pivk-ek osatu du. Lehen euskalduna Jokin Lizeaga izan da, bosgarren postuan, eta bigarren euskalduna eta lehen goierritarra, Aritz Egea urretxuarra (10. tokian). Emakumezkoetan berriz, Emelie Forsberg izan da azkarrena. Lehen euskalduna Maite Maiora mendaroarra izan da eta lehen goierritarra Elena Calvillo beasaindarra. Oihana Kortazar faboritoak min hartu eta proba utzi zuen.