Bizitzeko artea izenburupean gazteentzako barnetegia antolatu du Oripavi elkarteak uztailerako. Gazteen arteko «bizikidetza sustatzeko topagunea» izango da barnetegia, belaunaldi berrien potentziala aurkitzea, eta dituzten baliabideak aintzat hartuta bizitzan duten lekua zein den ezagutzea helburu dituena.
Rupa Rodriguez, Oripavi elkarteko zuzendariak azaldu duenez, «barnetegi honek gaur egun gazteek jasaten duten presioa du oinarrian». Zuzendariak uste duenaren arabera, «maila sozialean azken 20 urteetan egin diren akatsak gazteei jarri zaizkie bere gain». Gauzak «azkarregi» aldatu dira azken hamarkadetan, «krisia daukagu bete betean, goi mailako ikasketak dituzten gazte asko dago, baina lanik egiteko aukerarik gabe». Horregatik, «sistema soziala berrikusi beharra dago gauzak errotik» aldatu nahi badira.
Garrantzi handia eman diote gainera, barnetegiaren izaera multikulturalari, «jatorri ezberdinetako gazteak batzea da gakoa». Izan ere, barnetegia proiektu sozial bat den aldetik, «gazteek mundu globalizatu batean bizi direla ulertu behar dute». Bide hori, ordea, norberak bere burua ezagutzetik hasiko dute, «familiaren barruan euren burua kokatzen erakutsiko diegu, bere jatorria ezagututa bizitzari aurre egiteko indarra hartu dezaten».
Izen ematea jada irekita
Barnetegia uztailaren 3an, 4an eta 5ean gauzatuko da Lakiolako aterpetxean, eta 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta egongo da. Hiru eguneko egonaldiak 50 euroko kostua izango du. Horretaz gainera norberak bere janaria ere eraman beharko du. Elkarbizitza bat izango da oinarrian «guztien artean prestatu beharko dituzte otorduak, adibidez».
Uztailaren 5ean 19:00etan egin dute hitzordua Lakiolako aterpetxean. Afaldu eta gero, taldearen aurkezpena egingo dute hasteko. Hurrengo bi egunetan, goizen goizetik ekingo diote egunari. Egunean zehar, «kontzientziarako sarrera, autoezagutza, edo norberaren bizitzako esperientziak elkartrukatzea» izango dituzte, besteak beste, egitarauaren ardatz. Barnetegia amaituta, uztailaren 6an, larunbata Legazpin egingo duten Kulturen Arteko II. Egunarekin bat egitea da asmoa, «barnetegian parte hartu duten gazteek bertan antolatu diren ekintzetan parte hartuz».
Izen ematea irekia dago
oripavi.com web gunean. Amaitzeko, Rodriguezek aldaketaren beharra azpimarratu du, «aurreko belaunaldientzako balekoa zenak ez duela gaur eguneko belaunaldientzako balio» argudiatuz.