
Idiazabalgo Aita Iparragirre herri eskolako ikasleek Eskola Agenda 21 egitasmoaren barne egin duten lana aurkeztu diete udal ordezkariei. Ikasturte honetan hondakinak eta argiztapenaren kontsumoa aztertu dituzte. Konpromiso batzuk hartu dituzte eta agintariei eskakizunak luzatu dizkiete.
Haur Hezkuntzako ikasleek energia iturri ezberdinak landu dituzte (ura, eguzkia, haizea…) esperimentazioaren bitartez: haziak erein dituzte, landareak zaindu dituzte eta txitak nola jaiotzen diren ikusi dute, besteak beste.
Bigarren zikloko ikasleek, berriz, argiztapenaren kontsumoa aztertu dute. Herrian dauden farola mota ezberdinak alderatu dituzte. Eskola inguruan ugarienak globo itxurakoak direla ikusi dute. Hauek norabide guztietara argiztatzen dute, energia alferrik gastatuz eta zerua kutsatuz. Gainera, eraginkortasun maila ertaina edo baxua dute.
Txapela duten farolek, berriz, argiak goruntz ihes egitea saihesten dutela eta eraginkortasun altuagoa dutela ikusi dute. Gainera, behar ez direnean argiak itzali egin behar direla gogora arazteko mezuak jarri dituzte.
Hirugarren zikloko ikasleek hondakinen gaia landu dute. Geletan zein zabor mota sortzen duten eta zein murriztu dezaketen hausnartzeko galdeketa egin dute. Merienda eta hamaiketako garaian zein zabor mota sortzen duten ere aztertu dute. Horretarako, zakarrontziak miatu dituzte. Plastiko gehiegi sortzen dutela eta hondakin mota ezberdinak zaborrontzi ezberdinetara botatzen dituztela ondorioztatu dute. Hori dela eta, plastiko gutxiago erabiltzeko eta birziklatzeko deia luzatu dute.
Honetaz guztiaz gain, urteroko egitasmoekin jarraitu dute: eskolara oinez eta elkarrekin joatea ahalbidetzen duen Oinezko Trena, baratzea eta Ttipi-Ttapa mendi irteerak.
Baratzean bigarren zikloko ikasleek lan egin dute. Funtzionamendua hobetzeko, txabolan apalak jarri dituzte. Horretarako, irakasleen eta gurasoen laguntza jaso dute. Gainera, konposta egin dute eskolan sortutako hondakin organikoarekin. Hala, ongarri organikoa lortu dute. Horretaz guztiaz gain, materiala berrerabiliz txorimaloak egin dituzte. Txorimalo hauetako bat euren baratzean jarri dute eta besteak herritarren esku daude.
Ttipa-Ttapa ekimenari dagokionez, Saturraran, Ernio, Ordizia eta Zerain ezagutu dituzte, besteak beste. Egitarauari bukaera emateko, hiru egun pasa dituzte Otsagin.
Ikasleek ostiralean eman zieten ekimen hauen guztien berri udal ordezkariei. Horretaz gain, hartutako konpromisoak azaldu zituzten. Kaleko elementuak zainduko dituztela, etxeko-tresnak erabiltzen dituztenean energia aurrezten saiatuko direla (telebista guztiz itzali, kargadoreak deskonektatu…) eta argia behar denean bakarrik piztuko dutela eta behar ez denean itzali egingo dutela esan zuten.
Gainera, energia kontsumoa murrizteko kanpainak egingo dituzte eta zabor gutxiago sortzen saiatuko dira: zilar paper gutxiago erabiliko dute, hamaiketakoa eta merienda tuperrean eramango dituzte eta hondakinak sailkatuko dituzte.
Bukatzeko, udalari hainbat eskaera egin zizkioten: eraginkortasun handiko farolak jartzea, farolak behar denean bakarrik piztea eta ordutegia murriztea, eraikinak egin edo berritu behar direnean energia berriztagarrien onurak kontuan izatea, herritarrak kontzientziatzeko ekintzak prestatzea, eskola sarreran edukiontzi ezberdinak jartzea zaborra sailkatu ahal izateko, Oinezkoen Trenari bultzadatxoa ematea (ibilbidea berrikusiz, jendea animatuz…) eta baratzerako iturri bat jartzea.