
Legazpiko Sorgintxulo aisialdi taldeak 15 urte bete ditu. Hori horrela, egun osoko festa antolatu dute biharko urteurrena jai giroan ospatzeko. Urte guzti hauetan taldeko kide izan diren hezitzaile, zein antolatutako ekintzetan parte hartu duten gazteak izan ezik, herritar guztiei egin diete biharko ekintzetan parte hartzeko deia.
Sorgintxulo aisialdi taldea 1996ean sortu zen Legazpin, Mikel Iturbe taldeko kideak dioenaren arabera «aisialdiaren eremuan zegoen gabezia bat» osatzeko helburuarekin. Aurretik, bazen Legazpin Erkatz izeneko beste aisialdi talde bat, «Eliza Kristauari oso lotuta» zegoena. Hortik ihes egin eta herriko gazteei «aisialdi aukera bat emateko» erabaki zuten orduan, Sorgintxulo sortzea. Taldeak, sorreratik izan du «euskararen erabilera sustatzeko» helburua. Baita, «kuadrilla ezberdinen arteko harremanak» bultzatzekoa ere. Iturberen iritziz, 15 urte igarota taldearen helburuak bete direla esan daiteke, «gazte eta herritarrak asko igaro baita taldetik».
Ekintza guztiak azokan
Sorgintxulok hilero antolatzen du ekintza ezberdin bat 9 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta. Horrez gain, irteera bereziak ere egiten dituzte «Aste Santuetan, abenduko zubian eta uztailean», opor garaian. Gainera, herriko beste zenbait elkarterekin ere aritzen dira elkarlanean, «aurten Korrikan, Nagusilanekin batera belaunaldien arteko harremanak sustatzeko egitasmoan…».
Guztira, «80 bat dira» 15 urtetan Sorgintxulon izan diren hezitzaileak, eta «musutruk» aritzen dira bertan lanean. Larunbaterako festarako dagoeneko 80 bat pertsonek eman dute izena. Dena den, herritar guztiak gonbidatu dituzte antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera.
Kalejira egingo dute hasteko, 12:00etan. Mosaiko erraldoia 14:00etan, herri bazkaria 15:00etan, herri kirolak, karaokea, txistorra eta sagardo dastatzea arratsaldean. Gauean disko festa antolatu dute eguna amaitzeko. Eguraldi kaxkarragatik, ekintzak azokan egingo dituzte.