Auzo-gotor ezkutua
Zumarragako San Kristobal auzoa ez da lehenengo bistan agerian geratzen den leku horietakoa. Hura ezagutzeko bertaraino joatea derrigorrezkoa da. Zumarragako gain batean kokatuta dagoen arren, zulo batean du habia, Urretxuko eta Zumarragako mendi garaienez inguratuta. Auzo-gotor ezkutua da, baina bertatik Goierriko bi herriotako bista ederrez gozatu daiteke, ikusia izateko arriskurik gabe.
Gaurko ibilbideak Zumarragako eta Urretxuko Areizaga-Kalebarren plazan izango du irteera.
Azkoitirako norabidean plaza zeharkatzen duen bidegorriari jarraituko diogu, Urretxuko Ederrena pilotalekua ezkerrera utzita, aurrera eginez Zumarragako lurretan sartzeko. Ibilbidea hasi eta berehala, ezkerrera hirugarren adinekoentzako ariketa gunea dago.
Urola ibaiaren ur-bazterrak gidatuko gaitu bidegorrian barrena eta Irimoko gaina izango dugu iparrorratz, harik eta lehenengo bidegurutzera iritsi arte. Aurretik, ordea Etxeberri auzoa zeharkatuko dugu erdiz-erdi, bidean aurrera egiteko. Auzo hau ezaguna da Goierrin eta inguruetan, izen bereko jatetxe ospetsuagatik. Herrigunean ez badago ere, jende ugari bizi da Etxeberrin, bertako auzo-izaerari eusten dioten bizilagunak.
Aurrera bidean, Gerraerrota baserria igaroko dugu albotik, baita aurreraxeago dagoen ur-araztegia ere. Pausoak pausoei gehituz iritsiko gara mahairaino.
Bidegorriari jarraituz gero, Azkoitiraino iritsi gaitezke, baina guk, eskuinera egingo dugu, bidegorria utzi eta asfaltozko bidea hartzeko. Leturiondo eta Igaraberri baserriak izango dira gure ondorengo erreferentzia.
Bide jendetsua atzean utzita lasai eta modu baketsuan paseatzeko aukera ematen du San Kristobal auzora arteko bideak. Bi baserriak atzean utzita Olaarte baserrira garamatzan norabideari jarraituko diogu. Hemendik aurrera bidea aldapatsua bihurtuko da, zailtasun handirik gabea, baina gure txoko ezkutura arte luzatuko dena.
Baserriz baserri
Olaarte baserria bidearen gainaldean agertuko zaigu, ezkerrera. Segituan egingo dugu topo bigarren bidegurutzearekin. Eskuinera hartuko dugu, San Kristobal auzora. Asfaltozko bidea utzi eta basa bidean barneratuko gara. Aldapa malkartsuagoa izango da hemendik aurrera, tarteka atsedenerako uneak oparituko dizkigun arren.
Poliki-poliki basa bide itxia irekitzen joango da, eta gain batean San Kristobal auzoa agertuko da. Oraa goikoa eta Oraa behekoa baserriak eta auzoari izena ematen dion baseliza dira aurkituko ditugun azpiegitura bakarrak. Iturri bat ere badago, bisitariaren egarria asetzeko.
San Kristobaletik Belokira joan daiteke, besteak beste, baina guk beherako bideari ekingo diogu, hormigoizko errepideari jarraituz. Bideak ez dauka galbiderik. Aldapa amaituta Ibaiondo zentrora iritsiko gara eta bideari jarraituz Urretxuko herrigunea bistaratuko da. Behin bidea amaituta, Gi-631 errepidea zeharkatu beharko dugu, bidegorriari jarraituz hasierako gunera iristeko.