Ekobirako azoka egingo dute Lazkaon, jasangarritasuna aldarrikatu eta gauzatzeko
Lazkaon Ekobira azoka ospatuko da, bihar. Goizez eta arratsaldez egongo da feria irekita, plazan, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era. Hogeita bost postu jarriko dituzte, «beste kontsumo era bat posible» dela frogatzeko. Lazkaoko baserritarrak eta ekoizleak ere gonbidatuta daude.
Kutxaren gizarte ekintzako Ekoguneak antolatutako ekimena da Ekobira. Hirugarren urtea du aurten. Maiatzaren 11tik ekainaren 30era, zortzi azoka ospatuko dira Gipuzkoako beste horrenbeste herritan. Lazkaokoa bosgarrena da, eta Goierrin izango den bakarra. Azkena Larraitzen da.
«Ekobira jasangarritasunaren azoka da, eta helburua gizartea ingurumen gaietan kontzientziatzea da. Horrez gain, baita bertako zerbitzuak eta produktuak kontsumitzeko aukera ematea ere», dio Ekoguneak.
Bizimodua jasangarriagoa egite aldera, elikagaiak hautatzea, kontsumo energetikoa gutxitzea eta aisia jasangarria egitea norberaren esku dagoela dio Ekoguneak. «Aukerak badaude elikaduraren alorrean, energia kontsumoan edo aisialdian. Hori ikusgai jarri nahi du Ekobirak. Produktu eta zerbitzu ekologikoak, ingurumenean eragin edo erasan txikiagoa dutenak, kontsumitzeko aukerak azalarazi nahi ditu».
Tailerrak eta saio praktikoak
Salpostuez gain, jarduerak ere izango dira Ekobira azokan. Etxeko balkoian baratzea jartzen ikasteko saioa (11:00etatik 14:00etara), altzariak birziklatzekoa (11:30-14:00) edo kremak eta xaboiak egiteko tailerra (17:00etatik 19:30era) egin ahalko dira, plazan. Zazpi urtetik gorakoentzat dira. 14 urtez azpikoek gurasoekin egon beharko dute jarduera horietan. Doan dira, baina tokiak kontatuak direnez, izena ematea komeni da (www.ekogunea.net).