Legorretako Prodema lantegian lanuzteak egiten ari dira, enpresa ituna berritzeko eskatzeko
Legorretako Prodema enpresako langileak mobilizazioak egiten ari dira, joan den ostiralaz geroztik. Asteazkenera arte bilkurak egin dituzte lantokiko sarreran, baina atzo eta gaur bi orduko lanuzteak egiten hasi dira, txanda bakoitzean. Enpresa ituna berritzeko eskaria aintzat har dezan exijitu diote Prodemako zuzendaritzari, 2009tik bere horretan dagoelako. Baldintza sozial, laboral eta ekonomikoak hobetuko dituen hitzarmena nahi dute langileek, eta enpresak bere aldetik eta bere kabuz hitzarmena alboratzeko aukerarik ez izatea. Bestetik, enpresa hitzarmen berriaren iraupena berria sinatu bitartekoa izatea ere eskatu dute.
Altzarigintzan aritzen da Prodema, eta arlo horretako Gipuzkoako sektoreko hitzarmena hamar urtean geldituta dagoela ere salatu dute langileek. “‘2003ko abenduaren 31tik gure herrialdeko hitzarmena blokeatuta dago, egurraren hitzarmena”. Hala, enpresara sartzen diren langile berriek 2003ko baldintzetan hasi behar izaten dute lanean.
Enpresan bertako itunak langile guztientzat aplikagarria izan beharko luke, langileen eskariaren arabera. “Oraingo langileentzat eta ondorengoentzat, eta ez enpresaren asmoen arabera, berriei 2003ko soldatak mantenduz”.
Protestak datorren astean
Langileen asanbladan esan dutenez, zuzendaritzarekin negoziatzeko prest daude, baina ez dute “dena enpresak hartutako alde bakarreko erabakien araberakoa” izatea onartuko.
Datorren asterako mobilizazioen berri ere eman dute: astelehenean eta asteartean elkarretaratzeak egingo dituzte. Negoazioketan aldaketarik izan ezean, asteazken, ostegun eta ostiralerako bina orduko geldialdiak egingo dituztela jakinarazi diote gaur enpresaren zuzendaritzari.