Eskulangintza eta nekazaritza produktuen Ekobira azoka, egun osoan Lazkaon
Plazako pilotalekuaren babesean, Ekobira azoka egiten ari dira gaur, egun osoan, Lazkaon. Artisauen lanak, eskulangintza produktuak eta baserrietan ekoitzitako jakiak saltzeko 25 bat postu jarri dituzte. Goizean 10:30etiok 14:30era du ordutegia, eta arratsaldean 16:30etik 19:30era. Jasangarritasuna aldarrikatu, plazaratu eta gauzatzea dira Ekobiraren helburuak.
Goierriko hainbat nekazarik eta abeltzainek jarri dituzte postuak. Txekor haragia, basatxerri arrazako okelarekin egindako hestebeteak, gazta edota behi esnea eskaintzen ari dira goierritarrak. Gainontzean, ogia, eztia, euskal pastelak, gaztak… daude jatekoen artean, erosgai.
Eskulangileak ere joan dira. Metalezko eskulturak, pitxiak, larruzko poltsak, xaboi naturalak, ume txikientzat arropa nahiz tresnak, kremak, puntuzko arropa… dauzkate mahaietan. Energiaren arloan, Goiener enpresak energia berriztagarrien aplikazioen informazioa eman du, eta Kutxak auto elektriko bat jarri du frontoian.
Haurrentzat eskulan tailerrak ere badadue. Helduek ere ikas dezakete zerbait: etxeko balkoian baratzea nola sortu ikasteko saioa egin dute. Arratsaldean kremak eta xaboiak egiten ikasteko tailerra izango da, 17:00etatik 19:30era.
Hirugarren urtea du Kutxaren Ekogunearen ekimenak. Aurten, maiatzean eta ekainean Gipuzkoan barrena izango diren zortzi azoketatik bosgarrena da Lazkaokoa.