Gazteak festan, han eta hemen
Goierriko lau herritan, behintzat, gazte asanbladek, taldeek eta gaztetxeko kideek festa egitarauak dituzte, gaurko. Urretxu-Zumarragan gaztetxearen urteurrena ospatzen ari dira. Gaztelekuaren alboan kokatutako karpan herri bazkaria egingo dute. Ataunen Gazte Asteburuaren bigarren jardunaldia dute gaur. Aian gaua pasatu ondoren, goizean San Gregorioraino joan dira. Han bazkaldu, eta arratsaldean San Martinera aldatuko dute festalekua. Sagardo dastaketa (19:30), ogitartekoekin afaria (21:30) eta gauean kontzertuak (23:00etan, kalostran, sarrera 5 euro) egingo dituzte.
Itsasondon Herri Eguna dute. Gaztetxeak antolatutako egitaraua 17:00etan hasiko da. Futbolin biziduna eta frontenis txapelketa jokatuko dituzte lehenik, eta 18:00etan argazkiak nahiz bideoak emango dituzte. Iluntzean, afaritarako patata-tortillak izango dituzte, lehiaketaren aitzakian prestatutakoak. 20:00etan hasiko da sukaldaritza hitzordua, gaztetxeko aterpean. Gauean kontzertua joko dute Haxotz, Amorru eta Bolkete taldeek.
Idiazabalgoek ere gaztetxean kontzertua antolatu dute, gauerako, Kirol Astearen barruan. Beasainen, Melmatronik jaialdia egingo dute. Eguerdian bazkariarekin hasi, eta 17:00etatik aurrera kabareta izango da. Gauean DJak ariko dira musika jartzen. Zaldibian, azkenik, atzo bukatu ziren gaztetxearen zazpigarren urteurreneko ekitaldiak.