Itsasondon lanean jarraituko dute 'Ekinez egina' prozesuko taldeek
Duela urtebete ekin zioten Itsasondon herria biziberritzeko zer egin zitekeen hausnartzeko prozesu bati. Itsasondo ekinez egina partaidetza fasea bukatutzat eman du orain udalak. Sortutako lan-taldeetan jorratu diren gaiak, ateratako ondorioak, eta aurrerantzean zer egiteko asmoa duten agertu dute, gaur eguerdian, udaletxean.
Hurrengo urteetarako herri-plana zehaztu dute. Itsasondoarrak izango dira eragile nagusiak, herritarrak, haien parte-hartzea indartzea eta bultzatzea izan baita hasieratik beste helburu bat.
Urtebeteko gogoetaren ondoren, ondorio nagusia “Itsasondo piztu” behar dela antzematea izan da. “Herri izaera landu, herri kohesioa indartu eta herri bizi baten beharra daukagula ikusi da”, azaldu dute prozesua gidatu duen aholkularitza enpresakoek.
Herriko gaiak arloka jorratzeko hiru lan-talde osatu zituzten prozesuaren barruan, eta horiek aurrerantzean ere lanean jarraituko dute. Herri Bizitza, Ongizatea eta Lurralde Antolamendua dira arlo edo talde horiek. Lan-talde bakoitzean udaleko langile batek ere parte hartuko du, eta hilero elkartuko dira bilera egiteko. Bakoitzaren zereginak eta jarduera-esparrua finkatu dituzte.