Julen Mitxelena elite mailan eta Igor Romero 23 urtepekoetan, Gipuzkoako txapeldun
Urretxuko 32. Kutxabank Sari Nagusia txirrindulari probak Gipuzkoako txapelketarako balio izan du, gaur goizean. Elite eta 23 urtepeko afizionatuetan, herrialdeko txapeldunak izendatu dituzte. Julen Mitxelena oiartzuarra (Gipuzkoa Eki Sport) da eliteko Gipuzkoako txapelduna, eta Igor Romero mutrikuarra (Ikolan Lanaldi-Ordiziako) 23 urtez azpikoetan.
Lasterketaren ibilbidea bereziki gogorra ez bazen ere —107 kilometro, Atagoiti Motxorro aldetik eta Eitzaga mendatea bina aldiz igo dituzte—, eguraldi euritsuak baldintzatu du. 125 txirrindulari irten dira Urretxuko marratik, 09:30ean; hiru ordu geroago, 35 bakarrik iritsi dira helmugara. 80 ziklistak utzi dute lasterketa.
Lasterketa Unai Elorriagak (Eustrak) irabazi du, eliteko txirrindularia. 31 segundora helmugaratu dira Peio Goikoetxea eta Antonio Angulo, 23 urtepekoak, Baque taldekoak biak. Eliteko Gipuzkoako txapeldun Mitxelana laugarren sailkatu da (38 segundora), eta 23 urtepeko txapeldun Romero bosgarren (56ra), bederatzi laguneko tropeltxoari denbora emanez. Taldetxo horretan zen Iker Azkarate lazkaotarra ere (Ikolan Lanaldi), baina 23 urtepekoen txapela Romero taldekideak kendu dio esprintean.
Amateurren Gipuzkoako Txapelketa. Urretxu 2013-6-8 sailkapena
Bihar, igandea, elitekoen eta 23 urtepekoen maila berean baina Euskadiko txapelketa jokatuko da Ataunen, Agauntza kirol elkarteak antolatutako 49. San Martin Proban. 09:30ean hasiko da lasterketa, eta 136 kilometro izango dituzte. zailtasun handienak Urkillaga mendatea (bi aldiz) eta Larraitz dituzte. 28 taldetako 256 txirrindulari daude izena emanda.
Elitekoen eta 23 urtepekoen Euskadiko Txapelketa. Ataun 2013-6-9. Ibilbidea
Jon Ander Intsausti mutiloarra (Caja Rural) 16. sailkatu da (2:42:28), eta Pello Olaberria herkidea (Ikolan Lanaldi) 29.a (2:43:09). Egoitz Murgoitio (Hirumet) eta Javier Ruiz de Larrinaga (Lizarte) ziklo-kroslariek ere bukatu dute proba.
Taldeka, Ikolan Lanaldi-Ordiziako talde goierritarra hirugarren sailkatu da lasterketan, Gipuzkoa Eki Sporten eta Lizarteren atzetik.