Kirol giro herrikoia dute gaur Idiazabalen
Kirolaren Astea ospatzen ari dira Idiazabalen, astearteaz geroztik. Asteburuan egitarau aberatsa izango dute, gaur-biharretan. Gaur, adibidez, herriko lehiaketak jokatzen ari dira, egun osoan, kirol mota desberdinetan.
Goizean, euri zaparrada mardularen pean, txirrindulari lasterketa izan da. Lehendabizi herrigunean barrena lasterketa egin dute. Plazatik abiatu, Benta Txikiraino igo, atzera kaskotik pasatu, Ampoko errotondaraino joan, eta plazatik igarota Albitxu gainean bukatu da errepideko proba.
Ondoren, kronoigoera egin dute, bakarka eta minutuka aterata, partaideek. Plazatik Albitxura igo behar izan dira. Denera 13 txirrindularik parte hartu dute. Izena emanda gehiago zeuden, baina eguraldi patalak atzerarazi ditu asko.
Bi probetako bakoitzean onena Josu Urrestarazu izan da. Errepidekoan 11:14:24 minutu behar izan du ibilbidea osatzeko; kronoigoeran, 3:34:36 minutu. Denera 14:48:30 minutuan geratu du kronometroa. Bigarren Xabier Imaz izan da, 15:19:03 minuturekin (errepidekoan 11:25:56 eta erlojupekoan 3:53:07) eta hirugarrena Ander Berasategi (15:30:09).
Lagun arteko bazkaria Zelaa kiroldegian egin ondoren, arratsaldean jarraituko du kirol festak. 16:00etan herriko nesken arteko futbito txapelketa hasiko da. Sei talde daude izena emanda. Igarondoko kirol pistan dira partidak, 20 minutuko iraupenekoak. Finala 18:00ak aldera izango dela aurreikusi dute.
Bien bitartean, binakako esku pilota lehiaketa jokatuko da, Igarondon frontoian. Zortzi bikote ariko dira, eta kanporaketa eran gauzatu dute lehiaketa. Finala 19:00etan da.
Omenaldientzat tartea ere izango da. 19:30ean, Idiazabalgo futbol entrenatzaileei gorazarrea egingo diete. Gauean, 21:00etan, bertso afaria dago Arretxe elkartean —Aitor Sarriegi eta Sebastian Lizaso—, eta gauean kontzertuak gaztetxean.