Lierniko Mujika jatetxeko Aiert Izagirre, aste honetan ETBren ‘Txoriene’ saioan
Mutiloako Lierni auzoko Mujika jatetxeko Aiert Izagirre sukaldari segurarra da aste honetan ETBren Txoriene saioko protagonista. Ostirala bitartean, 13:30etik 14:00etara, Liernin egiten duen lanaren berri emango du eta Goierri erakutsiko die ikusleei. Lehen saioa gaur eman dute. Duela aste batzuk Legorretako Bartzelona jatetxeko Izaskun Olano eta Ormaiztegiko Kukoko Iker Markinez azaldu ziren saio honetan.
Izagirrek beti izan du garbi sukaldari izan nahi zuela, baina berandu hartu zuen sukaldaritza ikasketak egiteko erabakia. 19 urterekin, ingeniaritza ikasketak utzi eta sukaldean murgildu zen.
Zegamako Ostatuan, Zarauzko Zubi Ondon, Donostiako Lanziegon, Lasarte-Oriako Martin Berasategin eta Donostiako Brankan lan egin zuen duela 12 urte Mujikan hasi aurretik.
Urte asko daramatza sukaldaritzan, baina telebista munduan lehen esperientzia du. «Beraiek deitu zidaten eta ezustean harrapatu ninduten. Apur bat pentsatu nuen baiezkoa eman aurretik. Izan ere, beste batzuk horrelakoetara ni baino ohituago daude. Niri lotsa apur bat ematen zidan».
Dena den, primeran moldatu da. Besteak beste, jatetxeko kartan aurkitu daitezkeen hamar plater prestatu zituen: legatz betea, hostorea foiez betea, bakailaoa piperradarekin, barazki krepeak, frijituak…
Horretaz gain, Goierrik egun-pasa egiteko eskaintzen dituen aukerez mintzatu zen: Aizkorri, Mutiloako meatze eremua, Zerain, Segura eta Ordiziako azoka aipatu zituen, besteak beste. Gainera, Segurako sukaldariaren senitarteko eta lagunen iritzia entzuteko aukera ere egongo da. ETBkoek bere amarekin, emaztearekin, bi alabekin eta jatetxeko Maria Anjeles Garmendiarekin hitz egin zuten.
Kamera aurrean eroso sentitu zela dio. «Xuban Intxausti aurkezleak asko lagundu zidan. Berak gidatu zituen solasaldiak. Nik berak aipatutako jarraitu besterik ez nuen egin».
Lehen saioa gaur eman dute, baina Izagirrek ez du ikusterik izan: lanean zegoen. Asteazkenean ikusiko du bere burua telebistan, jai du eta. «Alabek dute saioa ikusteko gogo gehien. Mundu guztiari esan diote aita telebistan agertu behar dela».
Etorkizunean, ez litzaioke inportako berriro telebistarako lan egitea. «Aukera suertatzen bada… zergatik ez? Gure lana ezagutzera emateko aukera polita da», esan du.