Datorren igandean Iñigo Murua eta Markel Lopez haur urretxuarrei laguntzeko kontzertua emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Arratsaldeko zortzietatik aurrera, bi haurren gaixotasunei aurre egiteko tratamendu garestiak ordaintzen laguntzeko aukera izango da, kontzertua zuzenean ikusteko sarrerak erosita edota zero ilarako sarrerak hartuta. Gorka Hermosa soinu jotzailea urretxuarrarekin batera Urretxuko zein Zumarragako hainbat artista igoko dira taulara.
Urretxu-Zumarragako gaztetxeak 11. urteurrena ospatzeko festa egin du asteburuan. 2002ko ekainaren 22an zabaldu zituen ateak gaztetxe berriak lehenengoz, Urolako trena izan zenaren geltoki zaharrean. Ordutik, urtero ospatu izan dute urteurrena ekaina guztian zehar. Ekintzak hil guztian zehar luzatuko diren arren, pasa den larunbatean ospatu zuten egun handia Ez galdu norantza lelopean.
Asteburu honetan hasi da Gipuzkoako gizonezkoen giza proba txapelketa Aian. Urretxu, Zizurkil eta Aiztondo-Oarso taldeek neurtu dituzte indarrak, txapelketako lehenengo kanporaketan. Azkenean, Urretxuko taldea izan da irabazlea, bigarrenari plaza bateko aldea aterata. Urretxuarrek 52 plaza, zinta bat eta 2 metro osatu dituzte Aiako tiraldian. Mikel Elgarresta taldeko kidea egindako markarekin «oso gustura» agertu da. Txapelketari begira «bigarrenari plaza bateko aldea ateratzea abantaila handia da, gainera», esan du.