Zintzilikarioak leku publikoetan jarriko ditu udalak
Sasieta Mankomunitateak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, «ekainaren erdialdera» emango dio jakitera udalari Legazpiko errealitatera egokitutako hondakin bilketa sistema mistoaren berri. Behin, Sasietako txostena esku artean, udalak lan talde bat osatuko du, «sistema berriak emango dituen emaitzen jarraipena» egiteko.
Era berean, eta Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak azken asteetan zintzilikarioak fatxadetan jartzea eragozteko aurrera eramandako sinadura bilketari erantzunez, herriko zenbait puntutan zintzilikarioak jartzea beharrezkoa balitz, «udalak ez dituela zintzilikarioak inoiz jabetza pribatuko puntuetan jarriko» zehaztu du prentsa oharrean. Jabeen «borondatearen aurka» ez dutela horrelako erabakirik hartuko gaineratuz. Horregatik, udalak herriko bizilagun guztiei dei egin die «lasai» egon daitezen.
Birziklapena sustatzeko
Bestalde, herri plataformak bi asteburutan zehar egindako sinadura bilketaren emaitzak publiko egin ditu beste prentsa ohar batean. Horren arabera, «Legazpiko atari guztien %70 fatxadetan zintzilikarioak jartzearen kontra» agertu da. Bilketa bi asteburutan zehar egin dute, «zortzi orduz informazio mahaiak jarrita».
Kanpaina honekin legazpiarrek «berriz erakutsi dute, herritarren eskubideak defendatu daitezkeela, gizalegez jokatuta» dio plataformak. Udal gobernuari «herriari entzuteko eta atez ateko sistema inposatzea» birplanteatu dezala eskatu diote berriz.
Era berean, plataformaren leloari men eginez, «birziklapena bai, atez atekorik ez», herrian birziklapena sustatzeko jardunaldi bat antolatu dutela gogorarazi dute plataformatik. 2012ko uztailean bildutako legazpiarren 3.683 sinadurak aintzat hartuta eta eskaera publikoki egin eta urte betera, udalak zentzu honetan «ez duela ezer egin» salatu du plataformak, beste behin. Horregatik Ondo bereizten al ditut papera, kartoia, beira era ontziak? izenburupean informazio hitzaldia eskainiko dute gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera Latxartegi aretoan.